Bihar, larunbata, goizeko 12etan, Javier Larreategi Cuadra "Atxulo" ETAko kide historikoari (argazkian, antzinako erretratu batean) azken agurra emango diote senideek, lagunek eta herkideek Plentziako Astillero plazan, gaur elizkizunak Indautxuko elizan egingo direla. Larreategi herenegun hil zen bere jaioterrian, Bilbo, minbiziak jota, 57 urte zituela. Militantzia politikoa zela eta, "Atxulo" 70. hamarkadaren hasieran, muga gurutzatu behar izan zuen bertan babesa hartzeko, baina Prefekturak kaleratze agindua eman zuen bere aurka 1972an. 1973an, Luis Carrero Blanco almirante eta Francoren ordezkoaren bizitzarekin amaitu zuen atentatuan, Ogro operazioa, parte hartu zuen, lehergailuak jartzeko tunela abiatzen zen pisua berak alokatu zuela, besteak beste. Atentatuaren ondorioz, Espainiak bere estradizioa eskatu zion Gobernu frantsesari, baina Frantziak uko egin zion eskaerari. Hamarkada bat beranduago, 1984an, Ipar Euskal Herrian egindako sarekada batean harrapatu eta Parisera deportatu eta bertan konfinatu zuten, baina Larreategik uko egin zion ezarritako zigorrari. Handik aurrera, 1986an Poliziak ETAko nazioarteko arduraduna zela eta Aljerian eta Nikaraguan zebilela zabaldu zuen. 1993an, Nikaraguak Espainiaren esku utzi zuen eta hurrengo urtean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu eta errugabe jo zuen. Handik aurrera bizi zen Bilbon.