Gazte Eguna ospatuko dute bihar Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 11a, 12:48
Kraska gazte konpartsari lekukoa hartu eta urtarrilaren 25ean bere burua aurkeztu zuen Txakurzulo Gazte Asanbladak antolatu du Leioako bosgarren Gazte Eguna. "Herriaren irria... gazteria!" lelopean, larunbat honetan, apirilak 12, ospatuko dute. Horrenbestez, goizeko 10etan txupinazoa bota eta horren osteko kalekirak emango die hasiera ospakizunei. Egun osorako ekitaldi anitzak prestatu dituzte, "beti ere gazteon ikuspegitik landuak eta gazteontzako", Txakurzuloko neska-mutilek adierazi dutenez. Gauzak horrela, goizeko ekitaldi garrantzitsuenak Tigre eta anbulatorioko plazetan izango dira eta arratsaldekoak Plaza Gorrian. "Aipatu bezala bostgarren Gazte Eguna da 2008koa. Hartara, zenbaki borobilek merezi duten trataera eman nahi izan diogu, eta nola ez, ospatu. Horretarako eta aurten lehenengo aldiz, ekitaldi berezi bat prestatu dugu kontzertuen aurretik", azaldu dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, Materia Gris eta Banda Batxoki taldeek jotzen hasi aurretik izango da aipatu ekitaldia, 20:00ak inguruan. Bitartean, Erandioko Gazte Asanbladak (EGA) hurrengo larunbatean, hilak 19, jarri du lehenengo urteurrena ospatzeko data. "Urtean zehar asko izan dira aurrera atera ditugun ekimenak (mus txapelketa, inauteriak, herriko jaiak, Olentzero gaua, etxebizitza duinaren aldekoak ekintzak...). Egindako lanarekin aurrera jarraitzeko gogoz Gazte Asanbladaren 1. urteurrena ospatuko dugu herrian ahalik eta ohiartzun handiena lortzeko", azaldu dute neska-mutil erandioztarrek. Argazkian, iazko aurkezpen egunean, EGAko kideek ongi etorri pankarta jartzen.
Apirilak 12, larunbata
Leioako Gazte Eguna

10:00 Gazte iratzargailua. Pregoia eta txupinazoa Boulevardean. Ondoren, kalejira herrian zehar txistulari buruhandi eta erraldoiekin.
11:00 Gazte Azokaren irekiera. Goiz osoan zehar sagardoa eta pintxoak, haurrentzako tailerrak, puzgarria eta eskalada murrua, anbulatorioko plazan.
11:00 Koadrilen arteko olinpiadak Barandiaran institutuko patioan.
14:30 Bazkaria Barandiaran institutuan.
17:00 Elektrotraktopoteoa. Txikiteoa herriko tabernetan zehar DJ baten laguntzaz.
20:00 5. Gazte Eguneko ekitaldia, Plaza Gorrian.
21:00 Kontzertuak Plaza Gorrian: Materia Gris eta Banda Batxoki.
00:00 Erromeria, Unsain taldearekin.

Apirilak 19, larunbata
Erandioko Gazte Asanbladaren urteurrena

11:00 Umeentzako tailerrak.
12:00 Ipuin kontalaria.
13:00 Triki-bertso-poteoa.
14:00 Gazte bazkaria eta jolasak.
17:00 Oka erraldoia.
19:00 Kalejira musikatua.
21:00 Kontzertuak: Materia Gris, 121Krew eta Dj.Bull

Metro geltokiko plazan izango dira ekitaldiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun