Bilboko Kafe Antzokia gainezka zegoela aurkeztu zuten joan den asteazkenean, apirilak 9, hiriburuko informazioa eta aisialdia euskara hutsez jasotzeko helburua duen
Ibaizabal Internet bidezko telebista.
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearekin lankidetzan, Bilbo, Ezkerraldea, Enkarterriak, Uribe Kosta, Txorierri, Mungialdea eta Hego Uribeko zonalde zabal baterako emitituko duen euskarazko telebista sustatzeko xedearekin jaio zen
Ibaizabal-Mendebalde. "Egitura hori martxan jarri genuen, baina aukera teknologiko berriak zeudela ohartuta, Internetek eskaintzen duen azpiegitura baliatzea erabaki genuen herri telebista egiteko", azaldu dute elkartekoek. Nahiz eta orain bi proiektu horiek dituzten eskuartean, badirudi, momentuz, Bilbo hiria ez den guztia aparkatzeko erabakia hartu dutela. Horrela igarri zen aurkezpenean eta hortik etorri zaizkie kritikarik handienak. Eurek ere Ibaizabal albo bietako esparru zabal hori hartuko duen telebista abian jartzeko "oraindik lan handia egiteke" dagoela aitortu zuten aurkezpenean. Gutxienez, aipatu bi eragilek sortutako Bilbo Handia Ikusentzunezkoak SA enpresak Getxo, Bilbo, Barakaldo eta Mungia izeneko eskualdetan emititu ahal izateko lizentziak baditu jada eta, orain, harpidetza kanpaina abiatu dute baliabide ekonomikoak lortzeko.