Alaitz, Eider eta Pello Ruiz de Agirre Larreategi: "maite zaitugu, Jabi!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 11a, 15:21

Amorruz hartu genuen, Jabi, zure gaixotasunaren berri. Madarikatzen dugu heriotza ate-joka bat-batean etortzen denean. Baina borrokalaria izan zara, borrokalari handia, eta duintasunez eutsi diezu enbataren azken erauntsiei, tinko, heriotzari aurrez aurre begiratuz, azkeneko hatsa lehenago eman izan bazenu bezala. Gaixotasunak astiro itzali zaitu, zuk maite zenituenak banan-banan agurtu zenituen bitartean, zure erara, bizitzako azken momentuak zurekin konpartitzeko aukera eskainiz. Heriotzak gure albotik eraman zaitu, itsasoaren muturrera, eguzkia udako ilunabarretan ezkutatzen den lekura, gu iritsiko ez garen tokira. Eta gogorra da agur esatea, gero arte batez ordezkaezin bihurtzen denean; gero arte batekin agurtuko gara beraz, negarra begietan, baina harro. Zure hutsuneak eragindako malkoek orria bustiko dute, baina egon zaitez lasai, bihotzean ditugu idatziak maitasunez beteriko lerroak, malkoen gaziak ezabatu ezin dituen tokian.

Pertsona zoragarri bat galdu dugu, baina baita militante eredugarria ere. Azkeneko uneetara arte etxetik urrun daudenei zure indar zantzu xumeena bidaltzeko aukera ez zenuen galdu, Miren eta Ibanen besoez lagunduta lehenik eta makuluez ondoren, bizitza osoan zehar duintasunez bete zaituen koherentzia azken muturreraino eramanez.

Alaitasunez bete izan dituzu gurekin igarotako momentuak, gaurko gaua saminak mututu badu ere.

Baina gau oskarbietan elkartuko gara berriz, piztu berri duzun izarrak irri egingo digunean. Joan zaitez bada, libre, antzina galdutako kideekin batera, inongo katek lotuko ez zaituen Euskal Herriko zeruetara. Behin jaio, behin bizi baina beti borrokatu direnak ez baitira inoiz hiltzen... gugan biziko zara betiko, garaipenaren egunera arte!

Alaitz, Eider eta Pello Ruiz de Agirre Larreategik gaur "Berria" egunkarian argitaratutako gutuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun