Lehenik, inguruaren gaineko eraginari buruzko txostena eskatzen duten zenbait arau legal urratzen zituela argudiatuta, aurkeztu zuen deuseztasuneko demanda Getxo Bizia ezker abertzaleko herri plataformak. Bigarrenik, proiektuak Getxoko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) ere urratzen zuela adierazi zuten, "errepide bat egin nahi baitzen oinezkoen gune batean". Hirugarrenik, Kosta Legeari muzin egiten ziola iritzi zioten, "proiektuak aldez aurretiko jendaurreko informazioaren tramitea gainditu ez baitzuen". Horren harira, "herritarren eskakizunekiko mespretxuzko jarrera" izatea egotzi dio Udalari Getxoko ezker abertzaleak. "Epai honek argi uzten du. Proiektu hura eztabaidatzeko eta galdapenak aurkezteko aukerarik eman gabe burutu zen, nahiz eta herritarren eta talde ekologisten protestak eta kezkak handiak izan eta gune sentibera batean burutu", adierazi dutenez.
Erantzunkizunak
Bestalde, gaiaren mamiari dagokionez, "orain proiektu hori legezkoa zen ala ez ikusteke" dagoela ohartarazi du ezker abertzaleak, eurek "zalantza izpirik ez" dutela nabarmendu arren. "Lan horiek aurrera eramateko Getxoko Udala legeen gainetik igaro zen. Orain abiatzen den prozesaren buruan Getxo Biziak argudiatu zuen moduan proiektua legearen aurkakoa bada, Udalari dagozkion etantzukizunak bere egin, eta ondorio guztiei aurre egin beharko die", azaldu dutenez. Halaber, "oraingo hau Getxoko Udala epaitegietan galduak dituen ebazpenen zerrendako beste lerro bat baino ez" dela adierazi dute.