Gazte ekimena aurkezteaz gain, Ovarios Varios punk bertsioak egiten dituen emakume gazteen taldea, El Trono de Judas Iruñeko punk-rock talde ezaguna eta Los 4 elementos banda sarturtziarra entzuteko aukera eman zuten antolatzaileek. Era berean, kontzertuan atera zen dirua Barakaldoko Dorretxea gaztetxearen desalojoaren harira jarritako isunak ordaintzeko bideratuko dute.
Gazteok Bat Irabaziko Dugu! gazte plataformaren oharra:
Garai honetan gazteon aurkako errepresioa inoiz baino handiagoa da, maila guztietan: atxiloketak, torturak eta bortizkeria, desalojoak, adierazpen askatasuna ukatzea, eguneroko jarduerak debekatzea...
Halaber, sarritan terroristatzat hartzen gaituzte, inongo eskubiderik errespetatu gabe. Pasa den urtean ehunaka gazte espetxeratuak izan ziren aitzaki hori erabiliz. Nahikoa da kartelak jartzea terrorista izateko. Eta hau guztia beldurra eta indarkeria erabiltzen trebeenak diren eskutik.
Aipatutako guztiari aurre egiteko eta elkartasuna emateko Gazteok Bat Irabaziko Dugu! deitutako gazte taldea sortu dugu Erromon. Herriko gazte eragile guztiak parte hartzen dute horretan, errepresioaren aurrean batzeko, plataforma baten moduan.
Gazteon ametsa argi eta garbi dago: bidezkoa ez den errealitate hau aldatu nahi dugu, sistemaren aurka egingo dugu, geure irtenbideak aurrera eramango ditugu...
Zuen komunikabideak, "segurtasun" indarrak, espetxeak eta abar erabil ditzakezue gure aurka, baina ezin izango duzue inoiz ekidin gure ideien alde borrokatzen jarraitzea.
Gazteriarekin ezin izango duzue!
Gazteok bat irabaziko dugu!
Gazteok Bat Irabaziko Dugu!