Bertsoak eta atsotitzak uztartuz, 26 talde lehiatu ziren atzo Sopelan buruturiko Esaera Zaharren Txapelketako XV edizioan, guztira 100 bat parte-hartzaile eta 200 bat ikusle. Kopuru horrekin 25 taldeko iazko marka gainditu dute Sopelako AEK Nikola euskaltegikoek. Lehiaketari dagokionez, berriro ere sari nagusia Sopelatik kanpora joan zen, Bilbo eta Berangon bizi diren Badok 13 taldekoek eraman baitzuten, enegarren aldiz, asteburuko egonaldia, sopeloztarren esperantza zen Kokoloak taldeari nagusitu ostean. Goizeko kanporaketetan sailkatuta, Ander Deuna ikastolan buruturiko finalaurrekoan Igor Elortza eta Nerea Elustondoren bertsoak ezin ulertuta edo atsotitzak nahikorik ez ikasita, berriz, beste hiru talde geratu ziren kanpo. Hau Pittu, Hau eta Pozoinak ohiko talde finalistak zein Biar izan ziren talde horiek. Esaera Zaharren ibilbidea, baina, ez da Sopelan bukatu eta Mungian maiatzaren 10eko Berba-probetan (argibiderako
berbaprobak[abildua]gmail.com posta elektronikora idatzi) zein 31n Bilboko Uribarri auzoko Euskararen Egunean izango da aukera atsotitzen eta bertsoen lehian jarraitzeko. Izan ere, Igor Elortzak Sopelako antolatzaileei ohartu zienez, hobe lukete laster ideia erregistratzea, Kike Amunarrizek patentatu baino lehen. Argazkian, kuboak buruan, beste behin ere Sopelako txapelketan bizi den umore eta giro ona erakutsi zuten bertaratutakoek.