Elias Amezaga idazle getxoztarra hil da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 14a, 15:24

Elias Amezaga idazle getxoztarra atzo hil zen Getxon, Uri estratako bere etxean, 86 urte zituela. Sendi hurkoek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, heriotza arratsaldeko 2etan heldu zitzaion, bihotzak jota, gaixotasun luze baten azken atal gisa. Elias Amezagaren obra zehazki definitzeak lanak emango lituzke. Izan ere, "Euskal Herriko idazle" edo "Dorre-etxeko idazle" gisa ezaguna, kazetaritzan, antzerkian, saiakeran, historian eta literaturan gazteleraz idatzitako lan mardula utzi zuen atzean Elias Amezagak, tartean 60 liburu baino gehiago eta bere bizitzaren 30 urtez landu zuen "Autores Vascos" entziklopedia, non 10 liburukitan 12.000 idazle euskal herritarren biografiak idatzi zituen. Amezagak bere lana "orokorra eta anizkoia" izatea nahi zuen, "kultur edo literatur genero batean baino gehiagotan inspiratua. Gai edo pertsonaia bat hartu eta bere errealitatean edota fantasian aztertzea. Happening saioa egitea, zatiz askea eta zatiz zuzendua". 1921an Bilbon jaioa, Asturiasen ikasi zuen Zuzenbidea eta ikasle garaitik Euskal Herriko hainbat egunkariren literatur kolaboratzailea izan zen: "Hierro", "Egin", "Deia", "La Gaceta del Norte", "El Correo Español", "Diario Vasco", "Gara", "El Mundo del Pais Vasco" eta abar. 2005ean, bere bizitza osoaren obragatik Manuel Lekuona saria jaso zuen Eusko Ikaskuntzak emana. Senideen aburuz, "lau haizetara bere eusko labelaz harro agertzen diren erakundeek bidegabeki ahaztuta" zendu da Elias Amezaga, "bere independentzia gordetzen uneoro saiatu" zen idazlea.

50 eta 60ko hamarkadetan, Akademia Ibiltariaren izenarekin ezaguna egin zen kultur mugimenduan parte hartu zuen, Luis Martin Santos, Jorge Oteiza edo Nestor Basterretxearekin batera, Francoren diktaduraren pean euskal kultur nortasuna aldarrikatuz.

Bizitzaren zati handiena Getxoko bere dorre-etxean ematen bazuen ere, Amezaga ibilia zen hainbat hirietako artxibo, liburutegi eta hemeroteketan zehar, bere ikerketetarako datuen bila. Horrela, ondo ezagutzen zituen Madrilgo San Lorenzo de El Escorial eta Historiako Erret-Akademia eta Paris, Amsterdam, Baugancy, Coimbra, Salamanca, Simancas hirietako dokumentazio guneak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun