Kakitzat eta KEM talde antimilitaristek gogoratu zutenez, "Espainiako Estatuan diren arma fabriketatik bi herenak euskal lurraldetan daude lekututa eta, guztira, 900 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2007an; aurreko urtean baino %15 gehiago". Salmenta "lazgarri" horien hartzaile dira, besteak beste, AEB, Ingalaterra, Maroko, Egipto, Brasil, Mexiko eta Argentinako Defentsa ministerioak eta armadak, euren hitzetan. "Armagintza politika honek sufrimendua, gerra eta suntsipena baino ez dakarzkie politika hau berau pairatzen duten herriei", KEM eta Kakitzatek tamaldu zutenez.
Era berean, txirrindulariek salatu zuten bai Sener eta bai Precicast zein armagintzako beste enpresak Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta daudela. Hartara, "administrazio publikoren aurrekontuen desmilitarizazioa eta armagintzei diru-laguntza atzera-egitea" eskatu zuten talde antimilitaristek. Bestalde, "industria militarraren birmoldaketa" exijitu zuten, hori "helburu zibiletarako" erabiltzeko. Erakundeek azaldu zutenez, "Debako beste enpresa askok XX. mendean zehar egin bezala, Orbeak pistolak egiteari utzi eta bizikletak ekoizten hasi zen.