Ingurumari honetan, Juan Pedro Reyes industria-ingeniariak bere tesia aurkeztu du EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan: "Nueva metodologia para la evaluacion de la sostenibilidad respecto al requerimiento de seguridad y salud en proyectos de edificacion" (Eraikuntza-proiektuetan, segurtasun- eta osasun-betebeharren jasangarritasuna ebaluatzeko metodologia berria). Doktore-lan hori J. Tomas San Jose Lombera irakasleak zuzendu du, eta MIVES deritzon Espainiako ikerketa-proiektuaren barnean dago. Proiektu horretan, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Eraikuntzako Ingeniaritza Sailak, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Sailak eta Labein-Tecnalia Fundazioko Lurralde Eraikuntza eta Garapena Unitateak hartu dute parte.
Juan Pedro Reyes doktoreak datorren ekainean aurkeztuko du bere lana Bilbon, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatutako Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren III. Nazioarteko Biltzarrean. Lan horretan, Reyes doktoreak tresna matematiko bat proposatuko du, eraikin baten segurtasunari eta osasunari dagokion jasangarritasun-indizea kalkulatzeko.
Juan Pedro Reyes Perez ingeniaria da Industria Antolakuntzan eta segurtasun-ingeniaria eta goi-teknikaria Lan Arriskuen Prebentzioan, segurtasuna, higienea, ergonomia eta psikosoziologia espezializateetan. Gaur egun, Labein-Tecnalia Fundazioko Lurralde Eraikuntza eta Garapena Unitatean egiten du lan, CE produktuen markaketa-auditore gisa eta material berrietan oinarritutako eraikuntza-konponbideen entsegu-koordinatzaile gisa.
Segurtasuna diseinuari aplikatuz
Juan Pedro Reyesen doktore-tesiak eraikinaren bizitza-ziklo osoan (sortzean, gauzatzean, bizitza baliagarrian eta birziklatzean) segurtasun kontzeptua aplikatzearen garrantzia azpimarratzen du, bereziki aurreneko fasean: diseinuan. Izan ere, Reyes doktorearen ustez, eraikin baten segurtasunaren eta osasunaren erantzule garrantzitsuenak hauexek dira, ordena honetan: sustatzailea, diseinatzaileak (arkitektoak eta ingeniariak) eta eraikitzaileak.
Ideia horretan oinarriturik, ingeniari bizkaitarrak eraikin baten bizitzaren faseekin (sortzea, gauzatzea, bizitza baliagarria eta birziklatzea) bat datozen lau irizpidetan banatutako eredu matematiko bat garatu du. Irizpide horiek, era berean, 11 azpi-irizpidetan banatzen dira, eta haiek, berriz, 27 adierazletan. Adierazle horiek istripuen jatorri izan daitezkeen arlo desberdinei lotuta daude, hala nola eraikinaren kokapenari, materialeei, azpikontratazio-mailari edo eraispenak izango duen ingurumen-inpaktuari. Arlo horiek guztiak eraikuntza-proiektuan bertan definitu beharrekoak dira.
Segurtasun eta osasunaren indizea
Reyes doktoreak metodologia praktiko bat proposatzen du 27 adierazle horien betetze-maila aztertzeko eta maila hori 0-100 eskalan balioetsi ahal izateko. Aplikazio informatiko baten bitartez, adierazle desberdinetatik ateratako balioak hartu eta segurtasunaren eta osasunaren indize (S&SM) bakar batean bateratzen dira. Indize horrek segurtasunari dagokionez eraikinak duen jasangarritasuna definituko du, 0-1 eskalan.
Juan Pedro Reyes doktoreak garatutako tresna honi esker, eraikin batek segurtasunaren ikuspegitik duen bideragarritasuna balioetsi daiteke. Horregatik, sustatzaile publiko zein pribatuentzat oso baliagarria izan daiteke eraikuntza-proiekturik seguruena aukeratzerakoan. Azken finean, helburua ez da legea betetzen den egiaztatzea, proiektuak lan-arriskuen prebentzioan aurreikusten dituen neurriak balioestea baizik.
Kostuak ala segurtasuna
Gaur egun, irizpide ekonomikoak dira nagusi eraikuntza-proiektu gehienak onartu edo ez onartu erabakitzeko. EHUn aurkeztutako doktore-tesi honetan, bi industria-naberen eraikuntzen arteko konparaziozko analisia egin da. Proiektuetako batean, kostuen aldagaia izan da nagusi, eta, bestean, segurtasunaren irizpidea. Juan Pedro Reyes doktoreak proposatutako ereduaren arabera, lehen proiektutik ondorioztatzen den S&SM indizea 0,17 da; bigarren proiektuarena, ordea, askoz ere jasangarriagoa da: 0,80 izatea lortu da, eta askoz ere istripu gutxiago izan dira eraikinaren iraunaldi osoan.
Segurtasun-kostu osoari dagokionez lan-segurtasunerako neurri kolektiboak jartzea, eraiki ondorengo segurtasun-mantenimendua, istripuak eta abar kontuan hartzen badira, Reyes doktoreak ikusi du kostuak laukoiztu ere egin daitezkeela jasangarritasun gutxieneko proiektuan, hau da, hasierako diseinutik segurtasuna eta osasuna kontuan izan ez dituen proiektuan.