Dozenaka senide, lagun eta herritar bildu ziren joan den larunbatean, apirilak 12, Gorlizko Astondo hondartza inguruetan, hiru egun lehenago minbiziak jota Bilbon hil zen Javier Larreategi Cuadra "Atxulo" ETAko kide historikoari azken agurra emateko. Ekitaldia xumea izan zen herenegun eguerdikoa: etxekoek hitza hartu eta Itzubaltzetako Bertso Eskolako lagunek egin zuten kantu ondoren; azkenean Larreategiren errautsak Kantauri itsasora botatzeko. Ezker abertzaleko aurpegi ezagunik ez zen falta izan ekitaldian. Bertan izan ziren Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate izandakoa eta Koldo Gorostiaga eurodiputatu ohia, besteak beste. Parot doktrina aplikatu ostean, bilatu eta atxilotzeko agindua emanda duen Fernando Etxegarai "Pinki" auzokide eta preso ohi plentziarra ere bertan zen. Argazkian, Javier Larreategi “Atxulo” aulkian eserita, Fernando Etxegarai lagun minaren ondoan, honen ongi-etorrian, Barakaldon, urtarrilaren 6an / Etengabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!