Ipar Uribeko bertsolariek eskualdeko txapela jokatuko dute ostiraletik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 15a, 00:30

Datorren ostiralean, hilak 18, Ipar Uribeko bertso txapelketaren VII. edizioa abiatuko da, Sopelako Ander Deuna ikastolan egingo den bertso afaria dela medio. Uribe Kosta, Mungialdea, Uribe Butroe eta Txorierriko bertsolarien txapelketa nagusian 20 lagunek parte hartuko dute hiru kanporaketetan, inoiz baino gehiago. Gainera, Algortako Bertsolari Eskola, Taket Mungiako bertso eskola eta Larrabetzuko bertso eskolaz gain, aurten Itzubaltzetako bertso eskolako kideak ere estreinatuko dira. Maiatzaren 17an Areetako Andres Isasi musika eskolan 18:00etan ospatuko den finalean Bizkaiko txapelketarako sei txartel banatuko dituzte lehiaketa honetan. Orain arte, Etxahun Lekue larrabetzuarra eta hiru Paya Ruiztarrak –Fredi, Xabi eta Itxaso– izan dira txapelaren jabe, eta Itxasori egokituko zaio 2006an jasotako txapela defendatzea. Lehenengo kanporaketan, Sopelan, honako bertsolariek abestuko dute: ALBEko Miren Loizaga, Arrate Illaro, Unai Angulo eta Gabi Basañez, Taketen Olatz Ibarluzea eta Itzubaltzetako Oier Iturralde "Atano". Argazkian, Itzubaltzeta eskolako Peio Ruiz de Agirre abesten, Peru Vidal eta Itxaso Payak so dituela, pasa den otsailaren 22an.

Bigarren kanporaketa aste bat beranduago jokatuko dute Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean, bertso afarian. Hori izango da saiorik jendetsuena, gutxienez parte-hartzaileei dagokienez, bertan zortzi bertsolari izango baitira: ALBEko Itxaso Paya, Peru Vidal, Beñat Vidal, Jone Uria, Unai Larrazabal eta Maialen Berekoetxe zein Larrabetzuko Alberto De Abajo "Zoro" eta Ekain landa "Txispain".

Azken kanporaketa, ordea, Fikako herriko txokoan egingo dute maiatzaren 9an, beste bertso afari bat tartean. Bertan, azken sei bertsolarik jardungo dute: Taketeko Miren Ibarluzea eta Mikel Goiriena, ALBEko Ekaitz Larrazabal "Katxo", Josu Landeta eta Pello Etxebarria "Bonbero" eta Itzubaltzetako Peio Ruiz de Agirre.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun