Erandioko Udal Gobernuak gizarte politikaz egiten duen kudeaketa arbuiatu du Javier Ruiz Erandioko PPren bozeramaileak. Ruizek azaldu duenez, Erandioko Udalak ematen dituen gizarte laguntzak –Oinarrizko Errenta eta Gizarte Larrialdi Laguntzak– %70ean igo dira azken bost urteotan, inguruko udalerriek izan duten igoera baino dezente handiagoa. Zehazki, PPren datuek diote laguntza horiek %4 igo direla Barakaldon, %8 Portugaleten, %14 Santurtzin, %20 Basaurin eta %30 Sestaon. Guztira, laguntza horiek emateko 2003tik hona Erandiok 16 bat milioi euro jaso ditu. Javier Ruizen aburuz, "zenbaki hauek kezkagarriak dira oso, Erandion gizarte bazterketan dabiltzan pertsonen kopurua nabarmen igo den adierazlerik onenak baitira eta, gainera, gehikuntza hori Bizkaiko udalerri gehienetakoa baino handiagoa izan delako". PPren ustez, datuek frogatzen dute gizarteratze politikak, eta, batez ere, enplegu politikak "ez dabiltza, gizarte bazterketan bizi diren pertsonak lan merkaturatzeko helburua bete beharrean, pertsona horien kopurua nabarmen zabaldu delako".