Atzo arratsaldeko lau t'erdiak aldera, Urdulizko baserri batean erasoa gertatzen ari zela ohartarazi zioten Ertzaintzari, Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera. Antza denez, gizonezko batek ondoko etxebizitzaren jabea, emakumezkoa, jo eta mehatxatu zuen makila batez. Gertakariaren berri izan zuenean, patruila-auto bat bertara abiatu zen, eta, baserrira heltzen ari zela, furgoneta batekin topo egin zuen aurrez aurre. Ibilgailu horrek polizia autoari pasatzen uzten ez zionez, ertzainek larrialdi zerbitzuan zihoazela esan zioten gidariari, eta bidea libre uzteko eskatu zioten, polizia iturriek gaineratu dutenez. Gidariak ezetz esan zien, anbulantzia bat bidean zetorrela eta zauritutako emakumezko bat artatu behar zuela azaldu bazioten ere. Jarrera horren aurrean, ertzainetako bat autotik jaitsi eta, furgonetara hurreratzen ari zela, gidariak sukaldeko labana batez mehatxu egin zion.