Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak zabaldutako informazioa:
Aurkezpena. Etxebizitza Eskubidea Gazte Topaketak
eHgk-k Etxebizitza Eskubidearen Gazte Topaketak antolatzeko ideiari heldu zion urte hasieran. Geroztik, talde ezberdinekin elkarlanean, hauen prestaketa lanetan ari gara.
Honakoak dira bete nahi ditugun helburuak:
- Ahalik eta gazte espresio gehien elkarrekin biltzea.
- Etxebizitza Eskubidearen gaineko oinarrizko irakurketa adostea.
- Indarrak metatzeko praktiketan sakontzea. Talde bakoitzak beretik eraginez, nola lortu guztiok norabide berean tira egitea?
- Gure kabuz eskubideak eraikiz, alternatiben bidean sakontzea.
Parte hartzeko:
Posta zerrenda: Etxebizitzaren gaia lantzen duten gazte taldeen posta zerrenda osatu dugu. Bertan, Topaketen bileretan landu diren edukiak zabaltzen ditugu, taldeak informatzeko eta guztiok gure ekarpena egin ahal izan dezagun. Irakurri, eztabaidatu eta egin zuen ekarpena! Guztiok gara eHgk.
Posta zerrendan ez bazaudete, idatzi eHgk@eHgk.org helbidera.
Laster http://www.etxebizitza.ehgk.org helbidea jarriko dugu martxan.
Maiatzak 10, Bilbo. Hau aldatzera goaz! Etxebizitza Eskubidearen Gazte Topaketak
Goizeko 10:00etan hasita, eguneko egitaraua bost atal nagusitan banatu dugu.
Lehenik, gaiaren kokapen orokorra eta eskubide urraketa honen testuingururen azterketa azkarra egingo dugu, hitzaldi bidez.
Ondoren, talde txikietan banatu eta etxebizitzari loturiko gai zehatzetan sakonduko dugu (okupazioa, emakume gazteak, etorkin gazteak, turistifikazioa eta etxe hutsak, nekazari gazteak, udal politikak...). Egoera zein den eta nola alda dezakegun aztertuko dugu.
Bazkariaren ostean, taldeen txanda izango da. Aurrez adostuko dugun gidoi bati jarraiki, eragile ezberdinen arteko eztabaida bultzatuko dugu. Bakoitza bere bidea eginez, nola lortu dezakegu etxebizitza eskubidearen alde guztiok norabide berean indarra egitea? Nola eraginkortu dispertsaturik dauden indar guztiak? Buruari eragin eta egin zuen ekarpena.
Arratsaldeko azken saioan, Euskal Herrian eta nazioartean alternatibak eraikiz garatu diren esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu. Amaitzeko, plenarioan eguneko ekarpen eta ondorio nagusiak jasoko ditugu. Eta ondoren, jaialdia!
Kukutza gaztetxean kontzertuak eta jaialdia antolatuko ditugu.
* Egun osorako edo saio solteetara joateko aukera egongo da.
* Bazkarira geratuko bazarete, aldez aurretik, eHgk@eHgk.org helbidera idatzi jende kopurua adieraziz.
* Euskaraz ulertzen ez duen pertsonarik badago, aldez aurretik adierazi ere.
Guztion konpromiso eta ekarpena
Elkarlana da Topaketa hauen funtsa. Talde eta norbanakoen konpromisoari esker soilik atera ahal izango ditugu aurrera. Topaketetarako deia lau haizeetara zabaldu dezagun. Igorriko ditugun bitarteko ezberdinak (kartela, gonbidapena, esku orria, kuña, banerra...) guztion artean zabaldu behar ditugu.
Egunean sortuko diren lan ezberdinetan lagundu (bazkaria zerbitzatu, eskola garbitu, lan taldeak dinamizatu...).
Ekarpen ekonomikoa eginez. Xumea bada ere, eskertuko dugu!
Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua