Ipar Uribeko bertsolari txapelketako txartelak eskuragai dituzte bertsozaleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 16a, 20:22

Ostiral honetan, hilak 18, Ipar Uribeko bertso txapelketaren VII. edizioa abiatuko da, iluntzeko 21:00etan Sopelako Ander Deuna ikastolan egingo den bertso afaria dela medio. Lehenengo kanporaketa horretan, honako bertsolariek abestuko dute: ALBEko Miren Loizaga, Arrate Illaro, Unai Angulo eta Gabi Basañez, Taketeko Olatz Ibarluzea eta Itzubaltzetako Oier Iturralde "Atano". Algortako Bertsolari Eskolak Sopelako saiorako txartelak barra-barra ibili da saltzen eta bi egun baino ez direla falta azkenak banatzeari ekingo dio, tiketak amaitu arte. Izan ere, Sopelako bertso-afariaz gozatu nahi duenak albegetxo[abildua]gmail.com posta elektronikora idatzi edo 605 704 385 telefonora idaztea baino ez du egin behar, txartelak balio dituen 12 euroak oradaintzeaz gain, jakina. Larrabetzuko bigarren kanporaketako sarrerak, berriz, bersoa[abildua]euskalnet.net postara idatziz edo 628 400 409 deituz lor daitezke, 12 eurotan beharginak eta 10 eurotan ikasleak eta langabetuak. Azkenik, Fikan jesarlekua eskuratzeko, taketba[abildua]gmail.com posta elektronikora deitu behar da, bertako Torpedotik pasatu ezean. Argazkian, Ander Deuna ikastola.

Uribe Kosta, Mungialdea, Uribe Butroe eta Txorierriko bertsolarien txapelketa nagusian 20 lagunek parte hartuko dute hiru kanporaketetan, inoiz baino gehiago. Gainera, Algortako Bertsolari Eskola, Taket Mungiako bertso eskola eta Larrabetzuko bertso eskolaz gain, aurten Itzubaltzetako bertso eskolako kideak ere estreinatuko dira. Maiatzaren 17an Areetako Andres Isasi musika eskolan 18:00etan ospatuko den finalean Bizkaiko txapelketarako sei txartel banatuko dituzte lehiaketa honetan. Orain arte, Etxahun Lekue larrabetzuarra eta hiru Paya Ruiztarrak –Fredi, Xabi eta Itxaso– izan dira txapelaren jabe, eta Itxasori egokituko zaio 2006an jasotako txapela defendatzea.

Bigarren kanporaketa aste bat beranduago jokatuko dute Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean, bertso afarian. Hori izango da saiorik jendetsuena, gutxienez parte-hartzaileei dagokienez, bertan zortzi bertsolari izango baitira: ALBEko Itxaso Paya, Peru Vidal, Beñat Vidal, Jone Uria, Unai Larrazabal eta Maialen Berekoetxe zein Larrabetzuko Alberto De Abajo "Zoro" eta Ekain landa "Txispain".

Azken kanporaketa, ordea, Fikako herriko txokoan egingo dute maiatzaren 9an, beste bertso afari bat tartean. Bertan, azken sei bertsolarik jardungo dute: Taketeko Miren Ibarluzea eta Mikel Goiriena, ALBEko Ekaitz Larrazabal "Katxo", Josu Landeta eta Pello Etxebarria "Bonbero" eta Itzubaltzetako Peio Ruiz de Agirre.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun