UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak bere irakurleen eskura ipini ditu
ehunaka argazki. Izan ere, aurten webguneko diseinuari lotutako hobekuntzetan hainbat urrats eman ditu tokiko albistegiak eta orain eduki grafikoei garrantzi handiago emate aldera argazkiak uribekostar eta erandioztarren esku jarri nahi izan du. "Sarean egonda, guztion esku daude, nahi dutenean ikusteko" esan du Kepa Ugarte UKBERRI.NETeko koordinatzaileak. "Gainera", gogoratu du, "esperientzia txarra daukagu disko gogorretan gelditzen diren argazkiekin, 2006ko irailean era oso susmagarrian lapurtu zizkiguten bezalakoekin. Egon behar diren argazkiak ziurrago daude sarean". Gainera, agerkari digitalak hasieratik darabilen politikari jarraituz eduki guztiak creative commons lizentziapean egongo dira, nahi duenak erabil dezan. Momentuz,
Sopelako Esaera Zaharren Txapelketako 110 argazki,
Fred Weis Bilbao Basket peñaren aurkezpenean ateratako 23 irudi eta
Erandion ospatutako martxoaren 8ko beste 14 argazki dira igo berri direnak. Dena den,
material zaharra ere badago eskura eta nobedade berriak eguneratzen joango dira UKBERRI.NETeko kideak.