Ostiral honetan, apirilak 18, "Hear me with your eyes" (Begiekin entzun nazazu) hitzaldi zikloaren bigarren edizioari hasiera emango diote, Leioa eta Erandioko campuseko Arte Ederren fakultatean, Fernando Sanchez Castilloren eskutik. Ekimenaren bitartez, euren azken lanak aurkeztuko dituzte bertan hainbat artistek. Hain zuzen ere, Genevieve Cadieux-ek 1989an egindako obra baten izena daramate jardunaldiek. "Publikoak artista horiek lanak nola sortu eta burutzen dituzten ikusi ahal izango dute, bai kontzeptu, bai garapen materialaren aldetik", EHUko iturriek azaldu duetenez. Sanchez Castillori dagokionez, Arte Ederretan lizentziatua da Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Lanean –batez ere eskultura, marrazki, bideo eta performance-aren bidez– arte eta boterearen arteko harremana ikertzen du. Datorren ostiralean, apirilak 25, Txuspo Poyok parte hartuko du zikloan. Biharko saioa 11:00etan izango da, Arte Ederren gradu aretoan, sarrera dohainik.