Larunbat honetan, apirilak 19, "Gu ta gutarrak" ikuskizuna hartuko du Kultur Leioak. Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek eta Josu Zabala, Aitor Rubio eta Alex Ruiz de Azua musikariek 90 minutuko iraupena duen ikuskizuna eskainiko dute. Bertsoak eta musika ditu oinarri, emanaldian hamar-hamaika bertso sorta musikatuta eta bat-bateko bertso batzuk ere kantatuko baitituzte. Egileen hitzetan, "gutako bakoitzak hamaika gutar ditu bere baitan: gutar ameslaria, gutar axolagabea, gutar zintzoa, gutar eszeptikoa, gutar parrandazalea, gutar gaiztoa, gutar politikoa, gutar lotsatia, gutar sexuala, gutar nagia, gutar eroa...". Saioa 20:00etan izango da eta sarrerak 5 eurotan daude salgai. Biharamunean, berriz, "The horror bus" izenburuko filma edukiko dute 7 urtetik gorako neska-mutilek, 12:00etan eta 17:00etan, 3 euroren truke. Eta 20:00etan "Querida Bamako" pelikula proiektatuko dute (3 euro) entzungelan; baita astelehenean ere. Argazkia: Jabi Zabala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!