Larunbatean 35 urte beteko dira Eustakio Mendizabal "Txikia" Algortan hil zutenetik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 17a, 16:22
Larunbat honetan, hilak 19, Eustakio Mendizabal Benito "Txikia" ETA erakundeko kidea, poeta eta euskaltzalea Espainiako Poliziak hainbat tiroz hil zuenetik 35 urte beteko dira, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoran gogoratu duenez. Itsasondoarrak Algortan Jose Manuel Pagoaga "Peixoto" ETAko kidea ere zenarekin zeukan hitzordura trenez agertu zenean inguru guztiak zituen hartuta Poliziak eta, gainera, bere atzetik trenean ere bazetozen. Bi etakideak korrika hastean tiroka hasi ziren poliziak, dozena bat, eta Pagoaga ihes egiten lortu bazuen ere, Mendizabal larri zauritu zuten eta 20 minututan hil zen. Handik hona, historiaz, prentsaz eta literaturaz gain bi eratan gorde da Mendizabalen izena. Alde batetik, Telesforo Monzonek "Txikia zuen guda izena" idatzitako kantaren bidez eta, beste aldetik, 1980ko maiatzaren 17an Getxoko Udalbatzak poliziek Mendizabal hil zuten plaza Txikia plaza izendapen berria onartuz, EAJ eta HBko botoekin eta PSEren abstentzioarekin.
"Peixoto"k "Argia" astekariari azaldu zionez, "seietarako Algortako estazioan nengoen, trenaren zain. Irteten da Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko bere tabardo berdearekin, eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit ahoarekin, hortzak hola jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten dut, baina bi aurpegi ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren bat. Parean jarri naiz eta Eustakiok: `Atzetik zetozek'". Une batzuk geroago, "Eustakioren aurpegian heriotza zen, klabao, aho ingurua zuri-zuri".

"Bat-batean", jarraitzen du "Peixoto"k, "arnasa hartu zuen eta `korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta besteak atzetik tiroka" argitu zuen Pagoagak: "aurrera gindoazela korrika, berrogeitamarren bat metro egingo genituen, eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka". "Euskadi eta askatasuna" liburuan osatu zituzten Mendizabalen azken uneak: "Txikia errepidera iritsi da, Makalen Hiribidearen pare horretara. Auto batera doa. Aurreko eskuineko eserlekuan jartzea lortu duelarik, poliziak hurbildu zaizkio eta batek tiro egin dio gertutik. Hilzorian egon arren, eskuburdinak ipini eta Basurtoko ospitalera eraman dute. Hogei minutu egin zituen bizirik"
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun