Kepa Juaristi Viota jai batzordearen bozeramaileak adierazi duenez, "gure asmo nagusiak, herriko koadrilak batu, elkarrekin egun bikaina pasa, eta herria koloreztatzea dira. Beraz, herriko koadrila txiki, gazte zein helduei dei egiten diegu larunbatean kalera atera eta elkarrekin egun bikaina pasatzeko. Gora Erromoko koadrilak!".
Koadrila Egunaren III. edizio hau Erromo eta Pinuetako Jai Batzordeak antolatuko du berriz. Izan ere, iaz Getxoko Udalak jarduera hori debekatu zuen eta jai batzordeak Koadrila Eguna bertan behera utzi zuenean, orduan koadrilek beraiek ekin zioten antolatzeari, arrakasta handiz. Aurten, diru-laguntza ukatu badie ere, Getxoko Udalak baimenak eta azpiegitura batzuk jartzeko konpromisoa hartu du. Dena den lehenengo ediziotik arazoak izan dira jai hau normaltasunez aurrera eramateko. 2006ko edizioan, Koadrila Eguna ospatu baino bi egun lehenago Guzman Aranaga orduko Kultur zinegotziak erromeria antolatzeko baimenak atzera bota zituen, Algortako Portu Zaharrean burutu zen Kantuketan kontzertuei konpetentzia egin zitekeelako. Era berean, talo janari debekua ezarri zion "salmenta ibiltaria" zelakoan.
Egitaraua:
- 12:00etan, hamabietakoa eta poteoa.
- 12:15ean, umeentzako jolasak Santa Eugenia plazan.
- 14:00etan, pregoia.
- 15:00etan herri bazkaria (aurretik 6 euro eta bertan 9).
- 18:00etan, argazki ofiziala.
- 18:30ean, koadrilentzako jolasak.
- 21:00etan, kalejira eta poteo musikatua.
- Ondoren, jaia gaztetxean.
Pregoia:
Kaixo, lagunok:
Hirugarren urtez elkartu gara Koadrila Egun berri bat ospatzeko. Aurrekoetan bezala, gure asmo nagusiak, herriko koadrilak batu, elkarrekin egun bikaina pasa, eta herria koloreztatzea dira.
Jai batzordetik ezin dugu ahaztu koadrilak direla gure herrian egiten diren ospakizunen motorea eta ardatz nagusia, eta eurak existituko ez balira, asmatu beharko genituzkeela. Aldi berean, koadriletako kideok ere ezin dugu ahaztu gure partaidetza jai batzordean ezinbestekoa dela benetako jai herrikoi eta partehartzaileak lortzeko; beraz, jai batzordetik berriz ere animatzen zaituztegu Romo / Itzubaltzetako jai eta ospakizunen antolaketan parte hartzera.
Ezin dugu ahaztu aurten gure kide eta laguna den Gaizka Aranaga gure artean falta dela zoritxarreko istripu batengatik. Urteetan zehar egindako lanarengatik, eta berarekin lotzen gaituen adiskidetasunarengatik, aurtengo Koadrila Eguna berari eskaini nahi diogu.
Bukatzeko, Gaizka eta arrazoi batengatik edo bestearengatik falta direnak oroituz, oihukatu dezagun batera:
Gora Romoko koadrilak!
Gora Romo!