Sopelako Loroño kalean, udaletxetik hondartzarako bidean, babes ofizialeko 50 etxebizitza eraikitzearen truke, bizitza bakarreko eta biko 350 txalet baino gehiago altxatzeko baimena eman dutela salatu du tokiko gazte asanbladak. "Nork eraikiko ditu, batzokiak berak edo beraien jauntxoak? Eta batez ere nork erosiko ditu, partzela bakarrik 80 milioitik gora balio duenean?", kritikatu dute; baita landa horien "balio ekologikoa" nabarmendu ere. Aipatu proiektua "espekulatzaile eta txikitzailetzat" jo dute Sopelako Gazte Asanbladako kideek. Hala ere, hori "hasiera besterik ez" dela ohartarazi dute: "egun 12.000 lagun bizi dira Sopelan eta, urte batzuen buruan, kopuru hori 20.000ra heltzea du helburu Lurralde Zati Planak. Hori guztia, Sopelako alkate izandako Ander Urrutia kide duen Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJk onartua eta baimendua", adierazi dutenez. Hartara, larunbat honetan, apirilak 19, 12:30ean, "obretara bisitatxoa" egitera deitu dute, "proiektu txikitzailea ezagutzera emateko". Argazkian, etxebizitza eskubidearen aldeko eta espekulazioaren aurkako horma irudi bana Hernanin /
Etxebizitza Eskubidea.