Euskalduntze eta praktiketako "arazoak" konponduko dituen konbenioa eskatu dute Medikuntzako 200 ikaslek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 17a, 20:49
Medikuntzan dabiltzan unibertsitarioen "baldintza penagarriak" salatzeko asmoz, aste honetan 200 sinaduratik gora bildu ditu Leioa eta Erandioko campuseko fakultate horretako ikasle asanbladak. Gaur, berriz, Agustin Martinez Ibarguen Medikuntza eta Odontologiako dekanoarekin bildu dira, "benetako konpromezu sendoak eskatzeko". "Betiko moduan aitzaki merkeak jaso ditugu", adierazi dute asanbladakideek. "Hala ere, gure eskubide urraketak jarraitzen duen bitartean ikasleok ez dugu etsiko", gaineratu dutenez. Hain zuzen ere, ospitaleetan eta osasun zentroetan egin ohi diren bigarren zikloko ikasketak arautu beharko lituzkeen EHU eta Osakidetzaren arteko "hitzarmenik ezak" eragin du ikasleon ezinegona. "Badira hilabete batzuk konbenio honen diseinuan zabiltzatela Dekanotza, Errektoretza eta Osasun Saila. "Borradorea egin duzue jada, baina badirudi ez duzuela asmo handirik gai honen inguruko eztabaidarik sortzeko, eta sekretismoz jositako gaia bihurtu duzue, ikasleriaren eskuhartzea alde batera utziz", aurpegiratu diote Martinezi. Izan ere, unibertsitariek ez dute "edozelako hitzarmena" nahi. Hartara, "konbenioaren egungo edukietaz eta negoziazio egoeraz informatuta egotea" eta "horrek ikasleriaren benetako arazoak konpondu ditzala" eskatu diote Medikuntza eta Odontologiako dekanoari; "euskalduntzearekin eta praktikekin ikasleok pairatzen ditugun eskubide urraketak amaitu daitezen neurriak bertan jasotzen direla". Argazkian, Medikuntza fakultatea.
Euskarari dagokionez, "lehenengo zikloa euskalduntzen bukatu dezala eta bigarrenean ere hizkuntza eskubideak errespeta ditzala" eskatu diote Agustin Martinez Ibarguen Medikuntza eta Odontologiako dekanoari sinatzaileek. "Horretarako beharrezkoak diren neurriak hartu ditzatela nahi dugu, tartean irakasle euskaldunen lan baldintzen hobetzea eta irakasgaien euskalduntzerako baliabide eta erraztasunak eskaintzea", azaldu dutenez. Bestalde, praktikak "ganorazkoak" izan daitezela eskatu dute, hau da, "ikasketa planean eta ordutegietan onartzen diren praktika orduak eta benetan jasotzen ditugunak bat egin dezatela eta ordaintzen ditugunak eman diezazkigutela".

Medikuntzako Asanbladak dekanoari irakurritako idatzia:

Hogeita hamar urte pasa dira Medikuntza eta Odontologia Fakultatea sortu zenetik eta hogeita hamar urte daramatza EHUk, ikasleon eskubideak urratuz. Urte hauetan errektore eta dekanoek euren buruak goraipatu dituzte ustezko aurrerapen eta zin faltsuak eginez. Ikasleok tamalez gutxi dugu ospatzeko. Oso bestelakoa da hogeita hamar urte hauen gaineko gure balorazioa. Testuinguru honetan sortu zen Medikuntzako Asanblada eta hiru urte daramatzagu medikuntzako ikasleria informatu eta defendatu nahiean.

Gaurkoan gure hezkuntza eta etorkizunean larriki eragingo dituzten gaiak jorratzera gatoz. Besteen artean, gure fakultateko euskararen egoera, bigarren zikloko praktiken desfasea eta Osakidetzarekin harremantzen gaituen hitzarmenaren falta ez salatzea ezinezkoa egiten zaigu. Gauzak argi dauzkagu: helburuak finkatu ditugu eta hauen bila goaz!

Euskara

Bigarren zikloko euskararen egoera tamalgarria dela gauza jakina da. Dauden lau irakasguneetatik (Basurtu, Gurutzeta, Txagorritxu eta Donostia) Basurtu da euskararen presentzia minimoa bermatzen duen ospitale bakarra. Gurutzeta eta Donostian, baldintzek okerrera egiten dute eta Txagorritxun gazteleraz ikasteko aukera besterik ez dago.

Baina hizkuntza eskubideen urraketak pairatzeko ez dago bigarren ziklora heldu beharrik. Ustez, pasa diren hogeita hamar urte hauek ez dira nahikoak izan karreraren lehenengo hiru urteak euskalduntzeko eta gazteleraz ikasten jarraitzen ditugu hirugarren mailako “Anatomia Patologica” eta hainbat hautazko (“Tecnicas Experimentales en Biologia Molecular” esaterako). Ez gaitzaten engainatu. Euskalduntzearen arazoa ez da irakasle euskaldunen falta. Jakin ondo baitakigu euskarazko irakasleen lan baldintza penagarriak hobetzeko interes falta dela oztopo nagusia. Baten bat hau entzunda lotsagorritu beharko litzateke. Euskara dekanoordea, utziozu gure eskubideekin jolasteari eta har itzazu behingoz konpromisoak eta neurriak!

Praktikak

Seguruenik medikuntza ikasi baino lehen karrera hau praktikoa zela pentsatuko genuen gutariko gehienok. Ez dugu denbora gehiegi behar izan ordea, gezur horretaz jabetzeko. 14 euro ingurutan ordaintzen baditugu ere, horrek ez dizkigu praktika orduak ziurtatzen. Alde batetik, bigarren zikloko karga klinikoaren zati handi bat lapurtu egiten digute, inongo lotsarik gabe. Honek gero aztertuko dugun hitzarmenaren faltarekin zerikusia du. Arau gabezi horren kontestuan irakasleek inpunitate berezi batez gozatzen dute. Irakasleak agertzen ez badira ere, ikasleok ez omen dugu kexatzeko eskubiderik. Ikasturte klinikoetan kaosa da nagusi eta ikasleon lana da irakasleen atzetik ibili eta praktika dezenteak lortzea.

Gauzak horrela, ozen exijitzen dugu praktiken arautzea. Ganorazko heziketa klinikoa nahi dugu, behar beste ospitale egonaldiekin. Dirua lapurtzeari utzi diezaiotela.

Konbenioa

Medikuntza ikasketen bigarren zikloa bere osotasunean ospitaleetan eta osasun zentroetan ikasten da, guztiok dakigun moduan. Logikoa dirudi horrenbestez, osakidetza eta EHU arteko elkarlana araututa egotea. Unibertsitate honetan aldiz, alegalitatean bizi dira ikasleak ospitaletako korridoreetan. Hau da, ikasleon ziklo klinikoaren hezkuntzarako erreglamendu ezak, ikasleon eskubideak berma daitezen oztopatzen du.

Honek Basurtun, Gurutzetan, Donostian eta Txagorritxun gertatzen diren asko azaltzen ditu. Askoren artean, hurrengoak okurritzen zaizkigu.

- Irakasleen ausentziak klase edo praktiketan.
- Ordutegiak ez betetzea.
- Irakasle euskaldunak kontratatzeko “zailtasuna”; espero dezagun konbenioak dakarren irakasle-mediku plazen loturak erraztasunak ekarri ditzala zentzu honetan, orain arte mediku-postua eta irakasle postua izatea derrigorrezkoa baitzen klase emateko.
- Ospitaleetatik kanpo geratzen diren osasun zentroetan praktikak egiteko oztopoak.

Badira hilabete batzuk konbenio honen diseinuan zabiltzatela dekanotza, errektoretza eta osasun saila. Borradorea egin duzue jada, baina badirudi ez duzuela asmo handirik gai honen inguruko eztabaidarik sortzeko, eta sekretismoz jositako gaia bihurtu duzue, ikasleriaren eskuhartzea alde batera utziz.

Konbenioa beraz, abian dagoen proiektua dela esaten diguzue. Guk ordea, badugu zer esan honen inguruan; konbenioa nahi dugu bai, baina ez edozelakoa. Ikasleon arazoak konpontzen dituen konbenioa exijitzen dugu. Hurrengo lerroetan doa gure ekarpena testu horren osaketarako, ikasleok kontzertu hori onartzeko eskatzen ditugun minimoak:

- Konbenio honen osatzean ikasleria informatzea eta bere parte hartzea sustatzea; borradorea guztioi luzatuz, eztabaidarako aukerak emanez eta bere diseinuan ikaslegoaren benetako errepresentazioa ziurtatuz.
- Euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko neurriak jasoak izatea.
- Ospitaleetako ikas baldintza duinak ziurtatzea, horretarako beharrezkoak diren azpiegitura (ikasgelak, liburutegiak. osasun zentro kontzertatuak...) guztiak kontuan harturik.
- Ikasketa planean dauden eta pagatzen ditugun praktika ordu guztiak jaso ditzagun, bai eta ganoraz jaso ere.

Eta bukatzeko, hau guztia benetan ziurtatua izan dadin exigitzen dugu, burokraziaren paperontzian ez dezala bukatu. Horretarako, jarraipenerako komisioaren lana behar den modukoa izatea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Hau da ikasleriaren ahotsa, entzun ezazue. Hasi zaitezte behingoz gure eskubideen defentsan lan egiten, zuen interesez jositako neurriek ez baitute gure begirunea eta onespena merezi.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun