L.M.C.F. 35 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak, atzo gaueko 11etan, emakume bati sexu abusua egin eta poltsa lapurtu izana egotzita. Gertakariak atzo gaueko hamarrak aldera hasi ziren, Getxo udalerriko kale batean.
Herrizaingo Sailak adierazi duenez, ordu horretan, kaletik zihoan emakume baten atzetik abiatu zen gizonezko bat eta, haren albora iritsita, ukitu lizunak egin zizkion. Biktimak bertatik ihes egitea lortu zuen, baina ihesi zihoala poltsa galdu zuen, eta erasotzaileak hartu omen zuen. Ertzaintzari horren berri eman ostean, zenbait patruila erasotzailearen bila abiatu ziren, eta gaueko hamaikak aldera, agenteek eraso horren ustezko egilearen antzeko ezaugarri fisikoak zituen gizonezko bat ikusi zuten gertakariak izan ziren tokitik oso gertu. Hori dela eta, atxilotu egin zuten LM.C.F., 35 urtekoa, sexu abusua eta poltsa baten lapurreta egotzita.