Egindako salaketak arrazoitzeko "pisuzko argudioak" eman ditu Leioako alkateak: batetik, zegokien hauteskunde kanpainan, Leioa Abian ezker abertzaleko herri plataformak (2003) zein Eusko Abertzale Ekintzak (2007) Avanzadako auzia erabili zutela gogoratu du Arruebarrenak. Bestalde, "plataformako batzarretarako kartelak jartzen aritzen zein Sakonetan batzartzen diren hiruzpalau lagunak kaleak Batasuneko afitxez betetzen ibiltzen diren berberak" direla adierazi du udal agintariak. Gaineratu duenez, "hauteskundeetan Leioa Abian zein EAEren zerrendaburua izandakoa" ere badago horien artean. Bestalde, berarekin biltzeko ekintzaileek eta auzotar elkarteak aurkeztutako eskaera bana erakutsi du Arruebarrenak, "bien artean alderik ez (sinadura, egitura, hitzak...)" dagoela adieraziz.
Hitzarmenak gora behera
Avanzadako errepideko itxi gabeko zatiak estali eta lur azpiko oinezkoentzako pasabideak gainetiko pasabideekin ordezkatzeko bidean, Leioako Udalbatzak hartutako lehenengo erabakia 1998ko azaroaren 5ean heldu zela erantzun dio auzotar elkarteari Arruebarrena alkateak. Horren gaineko azterketa lehiaketara ateratzea onartu zuten orduko osoko bilkuran. "80 eta 90eko hamarkadetan Udalak ezin zuen erabaki exekutagarririk hartu, batik bat, Avanzadaren eskuduntza Bizkaiko Foru Aldundikoa delako", tokiko agintariak azaldutakoaren arabera. Txostena eskuan, bospasei hilabete beranduago etorriko zen Aldundiarekin adostutako aurre-hitzarmena, Mendibilen eta Artatzan pasabideak jarri eta itxi gabeko zatiak estaltzeko asmoz; 1999ko ekainaren 10ean Udalbatzak begi onez ikusi zuena. "Kontua da orduan Montblanc-eko tuneletan tragedia gertatu zela eta ondoren ezarri zuten Europa mailako arautegi berrira egokitu behar izan dugula adostutakoa", azaldu du Arruebarrenak. Azkenik, 2006an sinatu zen Udala eta Aldundiaren arteko hitzarmena. "Hortik etorri da igogailua jartzen dutenean zabalduko dugun Mendibileko pasabidea. 2008rako, berriz, irtenbidea bilatu nahi diegu itxi gabeko zatiei.