Iturbek nabarmendu duenez, Gazteria Zerbitzuak bere buruari ezarritako 15 helburu estrategikoetatik 11 bete dira (%74); besteak atzeratu edo ez direla osorik bete. Gazte Bulegoko pertsona erabiltzaileei dagokienez, erdiak baino gehiago Getxoko andrazkoak dira, kontsultarik gehienak 35 urtetik gorakoek egin dituzte (hauen atzetik datoz 27-30 eta 22-26 urte artekoak), eta kontsultak, batez ere, bidaia, aisialdiko eskaintza eta lanaren arlokoak izan dira.
Gazte Informazioa
Burututako ekintzen artean, aipagarrienak Gazte Informazioaren Zerbitzua bera ezagutzera emateko kanpaina eta informazio guneak kudeatzeko emandako bekak izan ziren, besteak beste. 2007-2008ko ikasturtean 12 izan dira Gazteria Zerbitzuarentzat berriemaile lana bete duten gazteak; horren truke 470 eta 665 euro arteko lansariak jaso dituztela. Unai Amezaga teknikariak azpimarratu duenez, bekadunek informazioa jendea dagoen lekuetara eramaten dute, eta maiz “bulegorako bidaia edo telefono deia aurrezten diegu horrela neska-mutilei, kartelen bidez jasotzen baitute bilatzen duten informazioetako asko”. Informazioaren bidalketa selektiboko zerbitzuko bazkide diren gazteak 330 dira. Harpidetza hauetatik 80 berriak izan dira 2007an. Pertsona hauei zuzenean bidaltzen zaie informazioa, postaz, posta elektronikoz edo SMS-en bidez.
Gazte Bulegoan izandako kontsultak eta erabiltzaileak
Kontsultarik gehienak bidaia (2.585), aisialdi eskaintza (1.224) eta lanari (827) buruzkoak izan dira. Gehien bat Gazte Bulegoan bertan egin dituzte kontsulta horiek. 2007an erabiltzaileak eta baita kontsultak zenbatzeko irizpideak aldatu zituzten. Azken honi dagokionez, informazio bidalketa selektiboak gainontzeko kontsultetatik bereiztu zituzten. Izan ere, 2006an 3.482 kontsulta jaso ziren bidalketa selektiboez aparte eta 18.895 horiek kontuan hartuta, eta 2007an 5.649 kontsulta bidalketez aparte eta 23.310 horiek barne.
Andrazkoak dira Gazte Bulegora gehien hurbiltzen direnak. Bestalde, 31 urteko erabiltzaileen kopuruaren gorakadaren arrazoia azaldu zuten Iturbek eta Amezagak. Izan ere, 12 urtetik beherako gaztetxoentzako ikastaroak eskaintzen direnez eta Areetan ludoteka zabaldu denez, horien inguruko informazio eske maiz ibiltzen dira gurasoak.
Hezkuntza arloko aisialdia
Aisi hezigarriari lotuta Gazteria Zerbitzuak antolatutako ekintzen artean, Zinegoak Gay-Lesbo-Trans jaialdia ekartzeaz gain, Euskara eta Gazteria Zerbitzuek Klik eta Klik programa abiatu zuten Getxoko hainbat ikastetxetan, 14 eta 15 urteko gaztetxoei lankidetza edo elkartasuna bezalako giza baloreetara hurbiltzeko Interneten bitartez. Horrez gain, inoiz baino ikastaroren eta tailerren eskaintza handiago egin zuen. Guztira 291 plaza eskaini zituen 24 ikastarotan banatuta eta horietatik 260 bete ziren. Kasu horretan ere parte-hartzaile gehienak neskak, hain zuzen ere %66, eta euskaldunak (%50) izan ziren. Izan ere, Iturbek onartu zuen oraindik urratsak eman behar dituztela tailerrak "hobeto eta gehiago" euskaraz emateko, baina azaldu zuen "bide onean gabiltzala" eta "urtero urtero" helburu horren aldeko pausuak eman direla eta jarraituko direla ematen. Dena den, euskaraz eskaini ez diren tailerretako "batzuetan eta ikastaroaren begiraleengatik pentsatu dugu begirale horiek mantentzea" zehaztu du zinegotziak.
Sustapena
Zinegotziaren aburuz, “sustapen arloan emandako urrats garrantzitsuenen artean, 26.000 euro banatu zituzten elkarteen artean eta Gazteria Foroa sortu ere. Izan ere, 2007ra arte Gazteria Zerbitzua aisialdi elkarteekin biltzen zen soilik eta orain bestelako arloetakoekin osatutako foroa sortu da, hala nola, prebentzioa, komunikazioa eta teknologia berriak arloetakoekin”.
Gazte elkarteekin egindako beste emaitza “garrantzitsu” bat B-Side taldeak antolatutako Blogstivala izan zen, Getxoko gazte elkarteekin egindako “lan emankorra”. Azkenik, Graffitiak eta kulturartekotasunaren inguruko proiektua ere arrakastatsua izan zen. 2007ko otsailaren 1 eta 3 bitartean 13 lagunek graffitiak egin zituzten Getxon eta inguruetan, Gizarte Zerbitzuek eta Kulturartekotasunerako eta Inmigrazio Arloak bultzatuta. Hiru egunetan gazte hauek Getxoko Udalak egokitutako hormetan kulturartekotasuna islatu ahal izan zuten.