Bitartean, Isaias Carrascoren hilketak duen itzal politikoa luze jo du eta EAJk PSE-EErekin adostutako "udal gobernu etikoak" sortzeko mozioek ibilbide luzea izango dute, bitartean ezker abertzaleak, EAk eta enparauek GALen hilketak, Ajuria Eneako Itunaren "remake"-a, "EAJren Alderdien Lege propioa" edota biktimen artean eragiten diren bazterkeriak hizpide dituztela. Tartean ere, alderdien ilegalizazioak aurrera darrai, oraindik hartu ez dituen erakundeetan ere "apartheid"-a eragiteko eta proiektu politiko zehatzak suntsitzeko, eta bidean zeharkako kalteak sortzen, besteak beste, Ibarretxe, Lopez, Atutxa, Bilbao edo Knorri.
Gutxi izango balitz, astelehenean Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren aurkako epaiketari ekingo diote Espainiako Nazio Auzitegian. Haika eta Segiren aurkakoan zein 18/98 auziko lagunen kontrakoan bezala, euskaldun gutxik sinesten du epaiketa garbia edo bidezkoa izan daitekeenik eta kiniela guztietan auziperatuak egun itzalpean dauden 735 euskal preso politikoekin batuko direla agertzen da. Zalantza bakarrak dira AAMko kideak espetxeratzean gatibuen kopurua zenbatetan handituta egongo den; Parot doktrina jarraituz zenbat laguni bizi arteko zigorra ezarriko dioten; egungo 12 preso gaixo kroniko eta sendaezinak, tartean Anjel Figueroa algortarra, egun hori ikusiko duten eta sakabanaketaren politikak presoen senideen eta lagunen zenbat bizitza eramango dituen "errepide istripuak" deitzen dituzten horietan.