Itxaso Paya: "Ipar Uribeko finalean ikusten ditut Arrate eta Jone eta nire burua ere ikusi nahi dut"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 18a, 22:25

Itxaso Paya Algortako bertsolari gazteak ezberdin ikusten du gaur hastera doan Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketa. Berari dagokio txapela defendatzeko ardura eta bere buruaz oso seguru ez badago ere, lan egingo du helburua betetzen. Dena den, ez du lehia batean parte hartuko duenaren sentsazioa, ingurukoak arerioak baino urteetako lagun onak suertatu direlako. Gainera, lanpetuta dago oso eta kostatzen zaio txapelketan kontzentratzea. Besteak beste, bertsolaritza eta ahozkotasun klaseak eman eta Arte Dramatikoa eta Psikologia ikasten ditu, gida baimena ateratzeak, euskarazko Komeriaren Klub modukorako hainbat lan prestatzeak, gimnasia egiteak edo "Matraka"rako Mireia neska txikiaren nortasunarekin idazten dituen artikuluek uzten dioten denboran. Arte Dramatikoari eta gimnasiari zasi eskolak eginez eskaini dio UKBERRI.NETi elkarrizketa hau.

Gaur hasiko da Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketa. Aurreko edizioa zuk zeuk irabazi zenuen. Zein asmo duzu aurtengo ediziorako?

Nire lehenengo asmoa da iazkoa mantentzea, txapela mantentzea, baina aurten zailago dago, gehiago baikara aurrekoan baino eta Arrate Illaro eta Jone Uriaren lehenengo urtea izango da, adibidez, eta horiek oso fuerte datoz. Nire asmoa hori da, txapela mantentzea, baina berez epe laburrerako asmoa da eta punto. Gero Bizkaiko Txapelketa nagusirako begira ez daukat momentuzko asmorik.

Hori esan zenuen aurreko Bizkaikoan, 17 urterekin, kanporaketetatik baino urrunago ez zenuela ikusten zeure burua. Aurten ezta ere?

Bai, aurten bai. Ikusita aurreko urtean zelan ibili nintzen... Ni ere nahiko bertsolari irregularra naiz eta izan dezaket egun on bat edo egun txar bat eta horren arabera... Bueno, denek bezala, baina nik bai ikusi dezaket nire burua kanporaketetan, aurrekoan ere asmo berdina neukalako eta pasatu ahal izan nuelako eta horregatik beragatik dena da posible...

Esan duzunez, inoiz baino gehiago zaudete Ipar Uribeko txapelketan, 20 bertsolari zaudete aurten. Hori eskualdean bertsolaritza goraka dabilen seinalea al da?

Bai, bada, eta horrek be bai islatzen du jendea gogotsu datorrela eta fuerte datorrela eta... Bueno eskualde hau beti egon da “matxakatuta” nolabait esan delako gune erdalduna dela, ez dagoela bertsolaririk, edo bertsolaririk badagoela baino ez dagoela nibelik... Eta proportzionalki azken txapelketan finalerdira pasatu ziren bertsolari gehienak eskualde honetakoak izan zirela uste dut eta horrek be bai esaten du nahiko potente gabiltzala, eta aurten jende pila bat gaude. Adibidez, Erromon eskola sortu da eta hori argi geratu da Erromoko batzuk ere sartu direlako eta horrek islatzen du fuerte bagaudela eta harrobia badagoela.

Eta 20 bertsolari baino gehiago, 20 lagun zaudete, askotan benetako oso lagun minak. Zaila al da horrela lehiatzea?

Nire ustez errazagoa da. Adibidez nire kanporaketan tokatu zait Perurekin, Arraterekin, Beñatekin, Maialenekin eta horiek dira ni bertsotan hasi nintzenetik, lehenengo egunetik, bertsotan ibili naizenekin eta giroa ez da hain konpetitiboa izango. Nik behintzat bertso eskola bat moduan hartuko, bertso eskolakoekin saio bat egingo dut eta nire ustez hori errazago izango da horregatik, daukagun konfiantzagatik eta horrek ematen dizun lasaitasunagatik.

Lehen aipatu duzu Itzubaltzetako bertso eskola sartu egin dela, ALBE, Taket eta Larrabetzuko eskolekin batera, bain orain arte Algorta eta Larrabetzu arteko lehia izan da beti Ipar Uribeko txapela. Aurten ere horrela izango dela uste duzu?

Nire ustez bai. Erromokoak hasten dabiltza, nahiz eta nahiko fuerte ikusi ditudan, batez ere Pello eta “Atano”, eta besteak entzuteko ez dut eduki aukera handirik. Oso fuerte datoz baina beren lehengo txapelketa izanik, besteok ibili gara eskolartekoetan eta gutxi gora behera badakigu zelan doan txapelketan kontua... Gero izan daiteke ezetz baina... Adibidez, Larrabetzun ere Etxahun izan zen azkenetakoa ibili zena. Ondoren ere ez dago talde potenterik edo. Hortaz, Algortatik doa jende gehiena Algortako bertso eskolatik eta nire ustez hortik aterako da gehiena. Mungialdetik be bai, horien artean, baina Pello eta “Atano” ondo ikusten ditut eta uste dut aukera daukatela aurrera egiteko.

Hortaz, Algorta nagusi eta nolabait atzean Mungia eta Itzubaltzetaren alde egiten duzu?

Bai, nire ustez baietz. Proportzio kontuagatik batez ere.

Zu izan zinen eskualdeko txapela jantzi zuen lehenengo emakumea. Plazak banatzean, berriz, uste duzu emakumek eta gizonek aukera berdinak dituztela?

Gai nahiko polemikoa da hau. Guk bertso eskolan gehienak neskak gara eta askotan komentatu dugu. Egia da emakumeak diren bertsolariek, gu baino zaharragoek, gehiago sufritu izan dutela. Nik bai nabaritzen dut neska izateagatik izan daitekeela saio gehiagorik ala ez, baina ez naiz kexatzen bat ere, neska izanaz uste baitut saio nahiko ditudala eta Ipar Uribeko txapelduna izatean neska edo mutila izateaz aparte aukera batzuk eman dizkidatelako berdin berdin. Nik behintzat ez daukat arazorik.

Zure kanporaketa 25ean izango da, Larrabetzuko gaztetxean. Uste al duzu Hori Bai zuretzako plaza ona dela?

Niri, berez, pertsonalki, Larrabetzuko herria asko gustatzen zait dagoen giroagatik, delako herri bat ematen duena familia berdinekoak direla denak eta denak ibiltzen dira elkarrekin eta horrek sortzen du kristoren giroa eta aurreko txapelketan ere abestu nuen kanporaketa Larrabetzun eta horrek asko laguntzen du: dagoen giroa eta zaren lekukoak zarela txaloak jotzen dizutela berdin eta animatzen dutela berdin eta niri asko gustatzen zait plaza hori eta egokia iruditzen zait. Motibatzen nau.

Non dago orain zure 2006ko txapela?

Dago nire armairuren gainean (barreak). Eskolartekoan sari pila bat irabazi nituen eta txapelen bat eta holan eta nituen apal batetan baina nire logela aldatu nahian nabil –nahiko infantila da– eta sari guztiak eta txapel guztiak jarri ditut armairuaren gaineko apalean. Ez dira oso ondo ikusten baina badaukat asmoa paretan zintzilikatzeko.

Eta txapel berria eskuratzekotan non lagako duzu?

Bada, momentuz leku berdinean eta nire gela ondo jartzen dudanean jarriko dut bestearen ondoan, ahal bada hurrengoa be bai eta denak. Lekua egingo da ez badago lekurik.

Zein kiniela egiten duzu Areetako finalerako?

Nahiko galduta nabil eta oraindik ez dut asko pentsatu txapelketan baina bai ikusten ditut Arrate, Jone, nire burua ikusi dezaket edo ikusi nahi dut. Gero, Miren Ibarluzea, “Katxo” be bai, Beñat Vidal eta Peru ikusi nahiko nituzke be bai. Gauza da hori sei leku daudela eta asko garela. Orduan Arrate eta Jone seguru ikusten ditut Miren Ibarluzea ere... eta besteak bueno, gutxi gora behera aipatu ditudanak. Josu Landeta ere. Baina auskalo.

1994an, Fredi; 1997an, Etxahun; 2000n, Fredi berriz; eta Etxahun berriro ere 2002an; 2004an, Xabi; 2006an, Itxaso. 2008an, Mireia, Itxasoren alter-egoa?

Bai. Izan daiteke. Igual paper hortatik abesten badut... Ez dakit, Mireia da nire pertsonajea eta asko laguntzen nau zer ateratzen dut barrenean dudana. Azken finean Mireia ni naiz baina ezin dezakedanez ume bezala jokatu bada aprobetxatzen dut hori. Igual tokatzen bazait gai bat erabil dezakedana ume bezala, horrek ideiak eman al dizkit, baina igual hobeto Itxasok irabaztea.

Zer edo zer gehiago duzu esateko?

Bueno eskaera bat dut. Aurten eskatu dugu zortzi finalista egotea Ipar Uribeko txapelketan, izan ere beste eskualdeetan nahiko justu dabiltza, gehienek sei bertsolari dauzkate eta orduan finala egingo litzateke jarraian. Gure eskualdea da nabarmen bertsolari gehien dituena, hogei. Eta guri gustatuko litzaiguke proportzioan Bizkaiko kanporaketetara pasatzea gure eskualdeko jende kopuru gehiago baina igual nibelak ez dauka zer ikusirik. Beti “matxakatu” dute gure eskualdea eta orain potenteen dabilena gurea da. Eta harrobi handiena duena ere bai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun