Anjel Figueroa eta beste preso gaixoak askatzeko aldarrikapenari eutsi egin diote 400 lagunek baino gehiagok Algortan

Lehendabizi, ostiralero bezala, Algortako Telletxe plazan kontzentrazioa egin, gero San Nikolas plazaraino manifestazioan joan, eta azkenik, bertan egindako ekitaldiari babesa eman zioten atzo iluntzean 400 lagunek, Anjel Figueroa algortarra eta beste zortzi preso politiko gaixoen askatasuna aldarrikatzeko asmoz. Berataratu ziren guztiei eskaera horri tinko eusteko galdegin zien Laura Mintegi idazleak, Anjel kalera! herri ekimenaren izenean. Dagoeneko euren herrikide Figueroa aska dezatela eskatzeko 4.000 sinadura bilduak dituzte jada erakundeko kideek. Eta ostegunerako, apirilak 24, hitzaldia antolatu dute, 19:30ean, Villamonteko kultur etxean. Maiatzaren 11n, berriz, Langraizko espetxera (Gasteiz) egingo dute martxa. “Honelako ekitaldi batera inoiz etorriko ez litzatekeenari, ardura politikoa daukatenei, are eta gehiago, kontrako ideologia daukatenei ere”, aldiz, “norberaren eskubideen alde egiteko modurik inteligenteena da besteen eskubideen alde egitea” dela aurpegiratu zien.

Nahiz eta Udalak Getxo Antzokia erabiltzeko baimenik ez eman, deialdiari eutsi eta Algortako San Nikolas plazan egin zuen, ostiral iluntzean, bere herrikide Anjel Figueroa eta gainontzeko zortzi preso gaixoek etxean behar dutela aldarrikatzeko ekitaldia, Anjel kalera! herri ekimenak. Hala ere, hitza hartu bezain laster, kartzelan dauden bakarrak ez direla argi utzi zuen Laura Mintegik, erakundearen izenean. ”730 dira preso dauden euskal herritarrak, eta (bederatzi horiek) ez dira gaixo dauden bakarrak, 700 luze horietatik 184 daude gaixorik”, gaineratu zuen. Bada, 400 lagunek baino gehiagok egin zuten atzo Telletxe eta San Nikolas arteko manifestazioa. Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak ostiralero egiten duen elkarretaratzea amaitutakoan abiatu eta txalapartaren doinuak bildu zituen ekitaldira. Kioskoan Itxaso Paya zeukaten zain, atzean Mikel Gil, Josu Uribetxeberria, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Marilo Gorostiaga, Anjel Figueroa, Juan Jose Rego, Jose Ramon Foruria, Jon Agirre eta Bautista Barandallaren argazkiak atzean zituela. Bertsotan tarteka, gazte algortarrak harilkatu zituen hizlari ezberdinen esku-hartzea. Astelehenetik aurrera, Espainiako Auzinegi Nazionalean, Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB), Senideak edo Askatasuna erakundeetan lan egindako 27 euskal herritarrei egingo dieten epaiketa ere gogora ekarri zuen Payak, botatako bertsotan, horiek atzo plazan bildutakoak egiten ari ziren gauza berberagatik auziperatuak izan direla ulertaraziz, hau da, espetxe politika, errepesioa, torturak, eta abar salatzeagatik.

Hunkituta

Ekitaldia hasi eta gutxira heldu zitzaion txanda Anjel Figueroaren ama Mari Karmen Fernandezi. Hunkituta, batutako guztiontzako esker hitzak baino ez zituen ahoan andrak. Bere semearen osasun egoera gero eta larriagoa, eta epilepsia krisiak maizago dituela adierazi ostean, Uribe Kostako Askatasunak deituta, joan den larunbatean, 30 lagun Langraizko espetxeko ateraino bertaraino hurbildu zirela gogoratu zuen Fernandezek. Ondoren hartu zuen hitza Laura Mintegi, Anjel kalera! herri ekimenaren izenean. “Anjel kalera ateratzeko egiten dugun ahalegin guztia, gainontzeko preso gaixoak ere askatzeko baliogarria” izango dela nabarmendu zuen idazleak; baita bide horretan herri ekimenak “behin eta berriz ateak jotzen” jarraituko duela aditzera eman ere. “Medikuei eskatu txosten teknikoak, abokatuei esan tresna juridikoak erabiltzeko, politikariei exijitu arduratu daitezela… Une honetan zabalik daude fronte horiek guztiak. Eta, azkenik, herritarren arloa dugu: hau da, zuek guztiak, egiazko sostengua, ostiralero aupada ematen duzuenak, egun batean sinaduraren bidez -dagoeneko 4.000 inguru batu ditu herri ekimena-, eta hurrengo egunean manifestazioetara joanez, edo kartelaz ipiniz edo gutunak idatziz. Zuek zarete ezinbesteko indarra ‘Anjel kalera!’ aldarrikapena lau haizetara hedatzeko, preso gaixo guztien egoerari buelta emateko behin betiko”, azaldu zuen Mintegik.

Aldarrikapenean tinko

Hori dela eta, preso gaixoek tratamendu egokia jasotzeko duten eskubidea aldarrikatzeari tinko eusteko animatu zituen bertan bildutakoak herri ekimenaren bozeramaileak. Baina, ”etorri ez direnei ere badaikat esateko gauza sinple bat”, jarraitu zuen Mintegik. “Norberaren eskubideen alde egiteko modurik inteligenteena da besteen eskubideen alde egitea. Eta hori esan nahi diet honelako ekitaldi batera inoiz etorriko ez litzatekeenari, ardura politikoa daukatenei, are eta gehiago, kontrako ideologia daukatenei ere. Gizarte baten boterea ez delako neurtzen zigortzeko daukan ahalmenaren arabera, baizik kasuan kasuko erabakia hartzeko duen malgutasunari begiratuta. Gizartearen boterea neurtzen da ikusiz ea nola erabiltzen bere indarra justizia egiteko. Justua izateak egiten baitu boteretsua botereduna”, adierazi zuenez. “Angel, Jon, Bautista, Joserra, Mikel, Maria Dolores, Gotzone, Juan Jose eta Josu. Gaixo eta kartzelan. Ez dezatela esan ez dugula ezertxo ere egin zuen egoera aldatzeko. Nork bere neurrian, bere handian edo bere txikian, edozeinek egin dezake zerbait, nonbait, noizbait. Ostiral guztietan, esaterako, plazan egiten diren konzentrazioetan. Edo Langraizera egingo den martxan, datorren maiatzaren 11an”, amaitu zuen idazle algortarrak. Txalaparta doinuen ostean, “Eusko gudariak” abestuz bukatu zen ekitaldia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun