Atzo Altzagan sinadura mahaira hurbildu ziren gehienek atoan paper gainean errubrika jartzeari ekin bazioten ere, elkarrekin kalakan ibili zirenak ere izan ziren. Adibidez, bere burua jeltzale gisa agertu zuen heldu koadrilan batzuek EAJren aurka izatea egotzi zioten sinadura bilketari eta beste batzuek, berriz, EAJren norabideaz duten kezka azalduz koadrilakideei aurre egin eta sinatu zuten orria.
Auzokideek zabaldutako oharra:
Geurea, ikurrina
Erandioko udaletxean Espainiako bandera jartzeko agindua eman dute. Aginte judizialaren eskutik etorri da agindua, Espainiako Gobernuaren ekimen politikoari jarraituta.
Eta agindua betetzeko asmoa duela esan du alkateak.
Beraz, ez badugu ezer egiten, laster ikusiko dugu Espainiako bandera udaletxeko balkoian.
Eta argi dago bandera horrek zer esan nahi duen. Bilboko lehen alkate frankista izan zen Jose Maria Areilzak argi eta garbi esan zuen 1937ko ekainean; Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzen zuela Bilbo odolez eta suz menpean hartu ondoren.
70 urte geroago inposaketaren eta errepresioaren ikur izaten jarraitzen du "piper potoak", gatazka, samin eta enfrentamendu sortzaile.
Eta berriro ere indarrez inposatu nahi digute bandera.
Horregatik, sinadura bilketari ekingo diogu, udaletxean ez dugula bandera espainiola jartzerik nahi adierazteko, eta alkateari horixe eskatzeko.
Mikel, ez jarri bandera espainiola.