Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Errekaganeko proiektua abiaraztean, "hainbat jarduketa" hasiko ditu Udalak "epe laburrean" Itzubaltzeta / Romoko "herritarren hiri-bizitzaren kalitatean hobekuntza nabarmena ekarriko dutenak”. Izan ere, Gobela ibaiaren paretik doan Errekagane kaleko lanen bidez hainbat helburu bete nahi ditu Udal Gobernu taldeak, bertako parkea berrantolatu, bidegorri bat egin, eta oinezkoentzako pasabidea zaharberritu, eta Ezekiel Agirre kaleko zubia gurutzatu ondoren dagoen parkearekiko lotura barne. Hobekuntza horrekin egungo pasabidea zabaldu nahi dute eta aldi berean, aipatu bezala, bizikletetarako bidea egokitu ere. Ezequiel Agirre kaleko beste aldean dagoen plazari dagokionez, egun dagoen mendixka txikia kendu egingo da, azalera hori zolatzeko eta horrela irisgarritasuna errazteko.
Imanol Landak egitasmoak duen garrantzia nabarmendu du, “inguru horretako egungo egoera ez delako ona". Horregatik, aurreikusitako ekintzak Itzubaltzeta / Romoko eta Areetako auzokideek "ondo hartuko dituztelakoan nago, gune horretatik jende ugari ibiltzen delako”.
Errekagane kalean aurrera eramango dituzten lanen aurrekontua 1.120.000 eurokoa izango da. Han espaloia zabalduko dute eta ezintasunak dituzten pertsonentzat aparkatzeko tokiak ipiniko dituzte; kable elektrikoak kenduko dituzte; hiri hornigarri berriak jarriko dituzte eta oinezkoari lehentasuna emateko oinezkoentzako pasabideak era ezberdinean zolatuko dituzte.
Errekagane parkeari dagokionez, inguru horretako urbanizazio proiektuaren zenbatekoa 529.000 eurokoa izango da eta helburua parkea oinezkoentzako bideen bitartez berrantolatzea da. Oinezkoen bidearen zoladura berrituko da, zabalera handiago emanez eta bidegorri bat egokituko da. Lanak egiteko epea lau hilabetekoa da, baina ez dute baztertzen lehenago amaitu ahal izatea.