Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erandioko Udalak gaur eta igandea bitartean ospatzen ari den Magiaren Nazioarteko II. Jaialdia hartu du arratsaldean Altzagan Elizateak dituen anfitriorik onenekin: bertako ume eta edadetuak. Izan ere, 18:00etatik aurrera Altzagako postetxe zaharreraino jende txiki anitz hurbildu da jardunaldien lehenengo magoari harrera egiteko. Gainera, bertan burutu duten magia tailerrean ilusioz beteriko lanbide horretako trikimailu batzuk ikasteko aukera izan dute, mago bihurtzeko beta eskuratuz eta magiaz gehiago gozatzeko eta gozarazteko asmoz. Aurretik, Altzagako jubilatuen etxean, atso zein agureek magia eta elkartasuna zelan batu daitekeen ikusi egin dute. Santiago Neira Kultur delegatuak (argazkian) azaldu duenez, izen handiko magoak izango dira aste osoan zehar txiki, gazte zein helduen gozamenerako eta ohiko zein ezohiko magia ekitaldiak burutuko dituzte, tartean gaur bezalako tailerrak, magia solidarioa, kalean egitekoa, aretoko gala edo hurbil aditzekoa. Besteak beste, Oliver, Santi, Imanol euskalduna, Monroe, Armando Lucero edo Camilo magoak izango dira Altzagan, Astrabuduan eta Erandio Landan, Bizkaia, Argentina, Hollywood edota Galiziatik hurbilduta.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.