Zigorra idatzita dagoela iritzita, defentsa juridikoari uko egin diote 33/01eko auziperatuek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 21a, 23:29

"Nire ustez inpartzialtasunetik milaka kilometrora dago epaimahaia. Konbentzituta nago gure kontrako sententzia idatzita dagoela, bultzada politikoz egin delako instrukzio hau. Hemen ez dut inolako justiziarik espero, orain arte ez eta aurrerantzean ere ez. Kondenatuko nau auzitegi honek, baina epaitu ez nau egingo. Iragartzen dut arrazoi horiengatik defentsa juridikoari uko egiten diodala. Eta hauexek dira hemen entzungo diren nire azken hitzak", esan du Juan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Mugimenduko (AAM) bozeramaileak, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 10:30ean hasi den epaiketan, defentsaren galderei erantzunez. Olano bezala, gainontzeko 26 auziperatuek uko egin diote fiskaltzaren eta akusazioen galderak erantzuteari, Jagoba Terrones berangoztarra eta Mitxel Sarasketa getxoztarra (argazkian) tartean zirela. 33/01eko 27 auziperatuentzat hamar urteko espetxe zigorra eskatu dute, ETAko kide izatea egotzita. Bitartean, hilaren 25erako mobilizazio eguna deitu dute Euskal Herri osoan.

Gaurko saioa amaituta auziperatuak Euskal Herrira bueltan dira. Hurrengo astelehenean jarraituko du epaiketak. Bitartean, ohar bat (pdf) atera dute 27 lagunek non epaiketa honetan hartuko duten jarrera azaltzen duten. Ez diote zilegitasunik ematen epaitegiari Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitzeko. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak abiatu zuen amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako 33/01 auzia, 2001eko urriaren 31n. Amnistiaren Aldeko Batzordeen 13 lagun atxilotu zituen gau hartan Espainiako Poliziak, Garzon epailearen aginduz. AABetako bozeramaileak eta koordinatzaileak ziren atxilotuak eta, hala izanik, "ETA-KAS-Ekin egituraren barruan" jardutea egotzi zien Garzonek. Argudio bera erabilita, beste 15 lagun auzipetu zituen Garzonek urte bereko azaroaren 15ean. Hilabete beranduago, abenduaren 19an, AABk legez kanporatu, eta bere jarduerak eteteko agindu zuen. Askatasuna AABren "jarraipena" zela argudiatuta, horren jarduna ere eten zuen Garzonek 2002ko otsailean. Auzia abiatu zenetik sei urte eta erdi igaro ondoren, 27 lagun eramango ditu akusatuen aulkira Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun