Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Errektoretzarako hauteskundeetan hautagai izateko izena emateko epea bukatuta, bi dira aurkeztu direnak: egungo errektore Ignacio Perez Iglesias (argazkian) eta, zurrumurruak gora behera, hautagaitza azken egunean ofizial egin duen Antonio Vera. 2004an Perez Iglesiasek irabazi zituen EHU hauteskundeak. Iñaki Antiguedad izan zuen lehiakide bigarren itzulian. Vera, berriz, Aljebra Matematiketan katedraduna da. Irakasleen soldata osagarrien gaineko kudeaketarekiko desadostasuna nabarmendu du hark, irakasleen artean egonezin handia eragin duelakoan. Antiguedadek aurtengo bozetan ez parte hartzea erabaki du, nahiz eta eztabaidarako tartea zabaldu nahi duen. Bi hautagai baino ez direnez aurkeztu, maiatzaren 22ko hauteskundeetan boto gehien jasotzen dituena izango da EHUko hurrengo errektorea, bigarren itzulirik jokatu gabe. 50.000 ikaslek izango dute botoa emateko aukera, 4.500 irakaslek eta 1.500 langilek.