La Fura dels Baus antzerki taldearen sortzaile Marcel.li Antunez artistak "Protomembrana" izenburuko performance-a aurkeztuko du asteazken honetan, apirilak 23, Leioa eta Erandioko campuseko areto nagusian. Saioa 12:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da, EHUtik jakinarazi dutenez. Aipatu lana 2005ean estreinatu zuen Antunezek eta orain berreskuratu egin du ikusentzunezko eta zenbait "interface"-z lagunduta. Hitzezko kontaketez gain, animazio grafikoa, argiztapena eta musika erabiliko ditu. "Protomembrana" muntaian hitzek rol nagusia izango dute, eszenaratzearen esanahi ugariak ahozko kontaketara makurtzen baitira. Beste alde batetik, ostegunean hitzaldia emango du campusean bertan artistak. Ikuskizunaren Arteak eta Zientziak Masterreko ikasleei zuzenduko zaie eta Sistematurgiaren Teoria hartuko du abiapuntutzat; "Protomembrana" ikuskizuna oinarritzen den teoria, alegia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!