Gaur abiatuko dute Getxoko Liburu Azoka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 23a, 12:38

Haur Hezkuntzako 250 bat ikaslek ipuinen jendaurreko irakurketa eginez zabalduko da gaur goizeko 10etan Getxoko Liburu Azokaren XI. edizioa, Algortako Telletxe plazan. Udalerriko liburutegiek antolatuta, larunbatera arte euskal mitologia gai izango duen feria honetan udaleko hamar liburudendek hartuko dute parte, bakoitzak bere postua izango duela, antolakuntzak bezala. Egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara euskal mitologiari buruzko ludoteka, tailerrak, jolasak, esku-lanak, argazki zaharren erakusketa eta, jakina, literatur nobedadeak, komikiak, haurrentzako ipuinak, liburu zaharrak... %10eko deskontuaz erosteko zein udal liburutegien postuan liburuak, komikiak edota ipuinak maileguan hartzeko edo bertan irakurtzeko aukera izango du. Anabel Regalado udal liburutegien arduradunak azpimarratu duenez, liburua eta irakurzaletasuna bultzatzea da azoka honen helburua eta horretarako irakurleen parte hartzearen eta topagunea egitearen alde egin dute: "irakurleak idazleekin egon ahal izatea nahi dugu, galdetzeko, komentatzeko edo sinadura eskatzeko aukera izan dezaten". Regaladoren ustez, udalerriak "amaiera bikaina" emango dio "liburuaren hilabetea den apirilari". Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Mikel Martinez argazkilaria Regaladorekin Liburu Azokaren aurkezpenean.

Getxoko alkateak baieztatu zuenez, "liburua Getxon protagonista bihurtzea nahi dugu, bidaiak egiteko, fantasian murgiltzeko, jakituria zabaltzeko..." baita liburua. Landak zoriondu ditu udal liburutegiak beste urte bat gehiagoz liburua "era dinamikoan, bizian eta partehartzailean" sustatzeagatik, "nahi dugun Getxo bezala". Alkatearen iritziz, nahiz eta multimediak gero eta pisu gehiago eduki, "liburua ez da desagertuko, liburuak eskukatu, gainbegiratu, erosi eta irakurtzearen apustua egiten dugunok asko garen heinean".


Egitaraua:

Jarduera jarraituak: egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara

- Aiboa, Bolivar-Elordui, Erkuden, Gaiak, La Gusana, Mayor 29, Nadal, Noray, Orixa eta Zugatzarte liburudenden saltokiak.
- Udalerriko liburutegien mailegu zerbitzua udal postuan.
- Getxo udalerriaren antzinako argazkien erakusketa.
- Ume eta gaztetxoentzako jarduerak: ludoteka, tailerrak, makillaje-txokoa, jolasak, eskulanak...

Unean uneko jarduerak:

- Apirilaren 23an, asteazkena, 10etan, udalerriko ikasleek eginiko ipuinen jendaurreko irakurketa.
- Apirilaren 25ean, ostirala, 19:00etan, "Bolaluma" antzezlanaren emanaldia eskainiko du Kixka taldeak, euskaraz eta gaztelaniaz.
- Apirilaren 26an, larunbata, 12:00etatik 14:00etara, hainbat egilek liburuak sinatuko dituzte: Jose Maria Beaskoetxea historiagile plentziarra, Mikel Martinez argazkilari algortarra, Fernando garcia Pañeda eta Javier Gimenez Muerza idazle getxoztarrak, Catalina Carrion eta Juan Lozano poeta leioztarrak eta Antonio Villanueva idazle bilbotarra.
- Apirilaren 26an, larunbata, 13:00etan, "Proyecto 'Te espero en la Luna'" historia kontatuko dute Galtzagorriak taldeko partaideak diren Esther Maestre eta Iratxe Unzurrunzagak, euskaraz eta gaztelaniaz, antolakuntzaren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun