Ertzaintzak M.J. 31 urteko gizonezko getxoztarra atxilotu zuen atzo, bere emazteari mehatxuak egin, kolpatu eta labanaz eraso egin ziolakoan. Izan ere, atzo bertan emakume batek senarrak bere aurka egindako tratu txarrak salatu zituen Polizia autonomikoaren aurrean,
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Erasoa Getxo udalerrian dagoen bikotearen etxean gertatu zen pasa den astelehenean, arratsaldeko 6ak aldera. Eztabaida baten ondoren, senarrak hil mehatxuak egin zizkion andreari. Horren ostean, hainbat ukabilkada eman zizkion gorputz puntu ezberdinetan, geroago lurrera botatzeko. Gainera, emakumeak emandako lekukotasunaren arabera, M.J.k sukalde-aizto bat hartu eta horrekin ziztatu egin zuen aldakatik gertu. Atzo, biktima osasun etxe batera joan zen jasotako lesioengatik arta zezaten eta ondoren salatu zuen erasoa. Ordu batzuk geroago Ertzaintzak M.J. atxilotu zuen genero indarkeria delitua egotzita. Gizonezkoa gaur pasatuko dute epailearen aurretik.