Euskalgintzaren manifestua
Gaur pleno honetara ekarri dugun testu hau Getxoko hainbat herritar eta eragilek sinatu dugu. Denok gara euskaldunak (elebidunak, beraz) eta euskaltzaleak eta Getxon bizi gara, lan egiten dugu, gurasoak gara edo eta Getxoko elkarteren batean gabiltza. Hau egin dugu, alde batetik, kezkatuta ikusten dugulako bereziki azken bolada honetan eta batez ere komunikabide batzuetan talde eta pertsona batzuk euskarazko irakaskuntzaren kontra dabiltzala eta, bestetik, hemen zaudeten arduradun politiko guztioi esateko gure ustez, Getxon, Euskal Herri osoan bezala, eskolak umeak euskaldundu behar dituela.
Pertsona eta talde batzuek mezu batzuk bota dituzte azken asteotan hizkuntza eta irakaskuntza dela eta. Zoritxarrez, hau ez da berria, kate historiko luze baten azken kapitulua besterik ez baita. Erabilitako argumentuek, egia ez izateaz gain, tranpa egiten dutela uste dugu. “Hizkuntza aukeratzeko askatasuna eta eskubidea” aipatu izan da alde batetik eta “ikasketak ama hizkuntzan egiteko eskubidea” bezalakoak, bestetik.
Horien aurrean zera esan nahi dugu: Getxon, beste toki askotan bezala, “hizkuntza aukeratzeko askatasuna eta eskubidea” delakoa aplikatu izan da orain arte eta emaitzak mahai gainean daude: eskolak ume asko euskaldundu gabe utzi ditu eta uzten ditu; 2007/2008 ikasturteko matrikulazio datuak kontuan hartuta, Haur eta Lehen Hezkuntzako 2.500 ume euskalduntzen ez duten ereduetan daude matrikulatuta. Ikusten denez, kezkatzeko moduko egoera dugu herrian, umeen erdiak euskaldundu gabe jarraitzen du eta.
“Hizkuntza aukeratzeko askatasun eta eskubide” delako horrek talka egiten du indarrean dagoen legearekin, honek esaten baitu umea euskalduna izan behar dela ikasketak amaitutakoan. D ereduan gaztelaniaren ezagutza bermatuta dago. Bermatuta dago euskararen ezagutza B eta A ereduetan?
Pertsona eta talde horiek Unesco bera aipatu izan dute “ikasketak ama hizkuntzan egiteko eskubidea” defenditzeko baina ez dute esan, Unescok berak, dokumentu horretan, esaldi horretan hau ere esaten duela: “eleaniztasuna sustatzeko neurriak ahalik eta azkarren hartu behar dira” eta “pertsonen ama hizkuntza nazio batekoa edo nazioartekoa izanda ere, pertsona horiek animatu behar ditugu euren herriko beste hizkuntzak ikasi eta erabiltzera”. Gainera, edonork ulertzen du Unesco bezalako erakunde batek "ama hizkuntza"ren alde egiten duenean normalizatu gabeko hizkuntza gutxituez edo desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzez ari dela, horiek babesteko, eta ez noski, babesik behar ez duten gaztelania bezalako hizkuntza batez.
Bi argumentu nagusi erabili izan dituzte beraz, euskarazko irakaskuntzaren kontra egiteko: “ama hizkuntzan ikasteko eskubidea” eta “irakaskuntzaren hizkuntza aukeratzeko eskubidea”. Eta horien aurrean galdera batzuk dauzkagu: delako eskubide hori zuen umeen etorkizunaren gainetik dago? Zer dela eta gogo bizi hori delako eskubide horien alde egiteko, jakinda elebidun izateak onurak baino ez dizkiola ekarriko umeari? Zergatik umea zigortu, ateak itxi, aukerak kendu, bere etorkizuna hipotekatu? Zergatik ez eman orain urte batzuk barru euskaltegian edo liberazioen bitartez, zailago, luzeago eta garestiago bilatu beharko duena? Ez zarete konturatzen aukeratzeko eskubiderik ez dagoela elebakarra den bitartean? Nola aukeratuko du hizkuntza bakarra baldin badu? Emaiozue euskara ere eta orduan bai, erabakitzeko gaitasuna izango du bi hizkuntza ofizial dituen Getxoren etorkizunean.
“Ama hizkuntza ez den beste batean ikasteak kalte egin diezaioke ikasleari” irakurri dugu harrituta. Euskaraz ere jakitearen onurak aipatu beharko bagenitu (didaktikoak, pedagogikoak, psikologikoak, kulturalak eta sozialak), luze joko luke; aditu eta eragile guztiak bat datoz: euskarak ez gaitu banatzen, elkartu egiten gaitu, hurbildu egiten gaitu, laguntzen digu zubiak eraikitzen eta harresiak botatzen; denok euskaraz ere jakinda, arazoak amaitzen dira, denok denona ezagutzen dugulako, elkar hobeto ezagutzeko.
Egoera hau konpontzeko proposatzen ditugun oinarrizko 4 puntuak hauek dira:
1. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalari (Bartzelona, 1996) eta nazioarteko hainbat eskubide-adierazpeni jarraituta, berau jakitea euskal herritar guztion eskubidea da.
2. Horregatik uste dugu eskolak ezinbesteko funtzioa bete behar duela belaunaldi berri guztietan euskara bermatzeko. Hau da, derrigorrezko hezkuntza bukatzean haur eta gazte guztiek euskaraz jakin behar dute.
3. Horretarako, gaur egun euskalduntzen ez duten irakaskuntza ereduak gainditu behar ditugu eta euskaldunduko duen hezkuntza sistemaren alde egin behar dugu. Hau esaten dugu irakaskuntzan orain arte indarrean egon den hizkuntza politika agorturik dagoelako, ez baita baliagarria belaunaldi berriei euskararen ezagutza bermatzeko. Beraz, euskararen ezagutza bermatuko duen hizkuntza politika berria nahitaezkoa da, hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna.
4. Goikoaz gain, uste dugu irakasle eta hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izan behar direla, eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz izan daitezen programak bultzatu behar direla eta eskolak, euskara ez ezik, euskal kultura eta historia ere transmititu behar duela.
Orain arte esandako guztiaren alde Getxoko herritar eta eragile asko gabiltza lanean. Hainbat kanpaina, manifestu eta sinadura bilketa egin izan da eta egingo dugu euskarazko irakaskuntzaren alde eta uste dugu gure aldarrikapenak kontuan hartu beharrekoak direla.
Testu hau, entzun duzue, euskara hutsez idatzi dugu. Guk ez dugu arazorik izan Pleno honetan esan diren guztiak ulertzeko, gaztelaniaz eta euskaraz. Baina zuetako askok ezin duzue gure testua ulertu. Hauxe bera opa diezue hogei urte barru zuen umeei? Berriro diogu: euskaraz ere jakinda, askoz hobeto denontzat.
Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz taldearen prentsa oharra:
Eskolak euskaldundu behar du! Euskararen erasotzaileei eta iruzurgileei stop
Bihar, osteguna, Getxoko Udalbatza bilduko da hainbat gai eztabaidatzeko. Haietako bat Alderdi Popularrek "2-3 urteko haurrentzako irakaskuntza-eredua" izenpean erdaraz aurkeztutako mozioa izango da. Jakin izan dugunez, mozio horren bidez hiru gauza nahi ditu Getxoko PPk:
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuak onartutako Curriculumaren aurka azaltzea.
- Udalerriko hezkuntza zentro guztietan A, B eta D ereduak eskaintzea.
- Alkarbidek eta Bizkaiko 45 toki erakundek egindako B eta D ereduen aldeko informazio kanpainari arbuioa adieraztea.
Era berean, Gasteizen osatutako eta A ereduaren alde agertu den Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimenak Udal Batzarraren galde-eskeen txandan parte hartzeko asmoa agertu du.
Gertaera horien aurrean, Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkartearen ekimenez euskalgintzako talde eta pertsona ezberdinok testu bat osatu dugu eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzeko. Zer esanik ez, Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz taldeak bat egin du idazki horrekin. Dena den, askotarikoen arteko orekak direla eta hainbat gauza dugu testu horri gaineratzeko. Horiek guztioiek kontuan hartuta, Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz-ek honakoa adierazten du:
- Ez gatozela bat Udalbatzak EAEko Curriculumaren aurka agertzearekin har dezakeen erabakiarekin, lehenengo aldiz euskara hizkuntz nagusia izan behar dela finkatzen baitu Euskal Herriko txoko baten curriculum horrek, baina ez dugu horren defentsa ere egingo, helburua betetzeko baliabiderik ez baititu ezartzen, hezkuntz zentroetako irakasle eta langile guztiak euskaldunak izatea edo eskolaz kanpoko orduak euskaraz garatzea ez duela finkatzen, eta zer esanik ez, oraingoz hezkuntz ereduak bere horretan mantentzen dituelako. Era berean, Euskal Herria desitxuratuta agertzen delako curriculum horretan.
- Milaka direla Getxok urtero-urtero sortzen dituen euskararen analfabetoak, bere lehenbiziko hizkuntz eskubidea den Euskal Herriko bertako eta berezko hizkuntza jakitea ukatuta duten haurrak. 2006an gure irakaskuntzaz arduratzen diren administrazioei Bai eskolak euskalduntzeari! zioten 107.768 sinadura eman zieten herritarrek, egungo ereduen haratago joateko, ume guztiak euskalduntzeko eta herritar orori euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeko. Horregatik, gure umeen eskubideengatik, Getxoko eta Euskal Herriko eskolek euskaldundu behar dute eta horretarako eskolak euskaldundu behar dira. Hortaz, gure ezetza irmoa agertu nahi diogu PPren mozioari, orain arte Getxoko A eta B zentro publikoak Gasteiztik kudeatu dituzten alderdiei zein 107.768 herritarrei entzungor egin dieten administrazioei.
- Orain arte Alkarbidek eta hainbat toki-erakundek (tartean Getxo, Leioa eta Erandioko udalak zein Uribe Kostako Mankomunitatea) bultzatu duten B eta D ereduei arbuioa adieraztean bat gatoz PPrekin. Baina, jakina, ez arrazoi berberengatik. Izan ere, gure ustez, D ez diren bestelako ereduen aldeko kanpainekin bukatu ez eta euskararen analfabetoak sortzen dituzten ereduetara bidaltzea arduragabekeria izateaz gain, gure haurren hizkuntz eskubideak urratzea ere bada, haien etorkizuna hipotekatzea suposatzen baitu. Gainera, kanpainan gastatu denaz gain, biharko egunean euskaltegietan eta ikasteko liberazioetan gastatuko den dirutza botatzea baino ez da. Era berean, hainbat urtetan udalerriko gizarte zerbitzuetatik eta Hezkuntza Sailetik etorkinak A eredura bidaltzeko izandako grina deitoratu nahi dugu.
- Euskal herritar guztiontzako hizkuntz eskubideen aldeko urratsak emateko herri eskaera aktibatu denean eta administrazioaren batean herri eskaera horri nolabaiteko erantzuna ematea deliberatzen denean, horren aurkako ekimenak plazara atera direla historikoki. Egun gure umeei euskararen jabetza ukatu nahi dietenen izena Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimena edo "Plataforma por la Libertad de Eleccion Linguistica en la enseñanza" da. Hori baino ez dira, beste garaian Union Alavesa Olentzaroren aurka, Bertendonako irakasleak hizkuntz profilen kontra edo "El Correo Español" batueraren aurka izan ziren bezala.
Euskal Herri euskaldunaren bidean, Eskolak euskaldundu behar du!
Euskarari erasorik ez egiteko eta euskaldunek hizkuntz eskubideen urraketak ez pairatzeko, euskararen erasotzaileei eta iruzurgileei stop.
Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz (Gu EHE)