Ostegun honetan, apirilak 24, Anjel Figueroa preso gaixo algortarraren egoera larriaren inguruko hitzaldia izango da, 19:30etik aurrera, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Besteak beste, abokatu batek eta
Anjel kalera! herri ekimeneko kide batek hartuko dute hitza aipatu ekitaldian. "Ezinbestekoa da bertara joatea, Anjelen egoera ezagutu eta Anjel kaleratzeko bidean aurrera egiteko. Guztion esku dago", antolatzaileek adierazi dutenez. Bestalde,
Gara.net agerkari digitalak zabaldu bezala, beraien aurkako epaiketako lehen saioa, astelehenekoa, ondo baloratu dute, Donostian egindako agerraldian, 33/01eko auziperatuek, eta "esanguratsutzat" jo dute epaileak berak amaieran egin zituen adierazpenak, "non esan zuen han ez zela Auzitegi Nazionala epaitzen". "Errepresioaren aurrean eraiki beharreko harresian urrats berriak ematen ari direla" adierazi dute, eta norabide honetan kokatu dute auzia. Ostiraleko mobilizazio egunean parte hartzeko deia egin dute. Jagoba Terrones berangoztarra eta Mitxel Sarasketa getxoztarra daude, Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB), Senideak edo Askatasuna erakundeetan lan egiteagatik epaituak izanten ari diren 27 euskal herritarren artean. Argazkian, joan den ostiralean 400 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Figueroaren aldeko ekitaldian, Algortako San Nikolas plazan.