Era horretan, Espainiar eta frantziar estatuek Europako lurretan ezagutu den etnozidiorik handiena jarri zuten martxan, eta XX. Mendean gure herriaren kolonizazio prozesua erabat gauzatzeko asmotan ibili ziren, naziek esan zuten legez “azken irtenbideak” aplikatuz, haiek judutarrekin genozidioa eta hauek euskaldunekin etnozidioa burutuz.
Hori guztia eginda ere XXI. Mendean euskarak bizirik dirau, eta gure jendarteak biztanleriaren euskalduntze prozesuari gogor ekiten dio. Baina ekin nahia ez dugu doakoa, ezen lehengo zapaltzaileen kumeak, gure artean bizi direnak, euskalduntze prozesua galgatu guran baitabiltza egun batean bai eta bestean ere bai, eta era horretan euskarari erasotzen diote. Orain erasotzaileek “plataforma por la libertad de eleccion linguistica” dute izen, eta oraingoan EAEko curriculum berria eta udaletako matrikulazio kanpainak atzera bota guran dabiltza, udal askotan duten ustezko gehiengoan babesturik. (Gogora dezagun gaur egun ezker abertzalea ilegalizaturik dagoela).
Eta hori guztia ikasleen ama hizkuntza defendatzeko. Noren ama hizkuntza, ordea? Euskaldunona? Kolonizatzaileena? Eta gaztelera eta frantsesa gaur egun askoren ama hizkuntza bihurtu badira, zer dela eta gertatu da hori? Hizkuntza aukeratzeko askatasunaren eraginez? Gure guraso zaharrek hizkuntza aukeratzeko askatasunik izan ote zuten? Guztiarekin ere Getxoko udalbatzak gezurrezko gehiengo batean babesturik, egun indarrean jarri den matrikulazio kanpaina atzera botatzeko helegitea aurkeztuko du udal-batzarrean apirilaren 24an; horrela aipatutako erakunde erasotzaile horri, urte askotako euskararen zapalkuntza prozesuari, oraindik Europan gertatzen ari den etnozidio handienetako bati baietza emango diete. Halaber euskaldunon hizkuntza zabaltzeko eskubideari ezetza emango diote, eta era berean ezetza eman ere gure herriaren kultur aberastasunari, euren seme-alabek bertoko hizkuntza eta kultura ezagutzeari...
Ama hizkuntza errespetatu behar dugu, bai; nork bere ama hizkuntza izango du bere etxean eta inguru hurbilean eta denak dira errespetagarriak, baina euskaldunok izatez ama hizkuntza bat dugu, gure herrian berezkoa den bakarra, eta urteetako zapalkuntzaren eraginez zokoratua, eta hizkuntza hori euskara da. Egia da beste hizkuntzetan hitz egiteko aukerari ez dioguna galgarik jarri behar, baina gure asmoa aurrera eramateko ahaleginean min emango bagenu ere sekula ez genuke sortuko euskaldunoi gure kultura zapalduz egin diguten –eta gaur egun Getxoko udalbatzak egin guran dabilen– tamainako mina, nahita eginda ere ez.