Emakumeen aldeko bi mozio aurkeztuko ditu bihar Getxoko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 24a, 00:03

PSE-EEk parekidetasuna bultzatzeko bi mozio aurkeztuko ditu bihar, osteguna, burutuko den Getxoko Udalbatzan. Zehatz-mehatz, Emakumeen Etxea eta Parekidetasunerako Kontseilu Sektoriala sortzea eskatu du alderdi konstituzionalistak. Luis Almansa bozeramaileak (argazkian, erdian) aitortu duenez, Emakumeen Etxeari dagokionez Getxoren Aldeko Emakume Hiritarren Barrutia elkarteak martxoan eginiko eskaera hartu baino ez dute egin, "ekimen zuzena eta beharrezkoa" zelako eta haien ideologiarekin bat zetorrelako. Hortaz, bihar PSE-EEk 2009ra arte indarrean dagoen II. Parekidetasun Planaren barruan, udalerriko emakumeen topagunea izango den espazio baten sorrera aurten ikertzea eskatuko dio Udal Gobernuari. Izan ere, sozialistek salatu dute II. Parekidetasun Plana garatu gabe dagoela eta baliabide ekonomiko, tekniko eta parte-hartze eredu bat behar dituela. Azken puntu horri heldu nahi dio Parekidetasunerako Kontseilu Sektoriala, egun martxan dagoen emakumeen kontseilua ordezkatzera etorriko litzatekeen erakundea.

Izan ere, Almansak azaldu duenez, azken gune hori "ez da erakunde arautu eta normalizatua". Bertan, emakume elkarteen ordezkariak eta parekidetasun teknikaria baino ez daude eta bertan egiten diren bilerak ez daukate maila ofiziala erakunde hori ez dago inongo arautan ezarrita. PSE-EEk eskatzen duen erakundean, berriz, egungoan parte hartzen dutenez gain, sindikatuen emakume arloak, emakume enpresarioak, alkatea edo parekidetasun zinegotzia eta alderdi politikoak egon beharko lirateke. Gainera, Almansak azaldutakoaren arabera, Parekidetasunerako Kontseilu Sektoriala egungo legerian jasotako dago eta Getxon sortzea baino ez litzateke egin behar. Horretarako, sei hilabeteko epea ematen liokete Udal Gobernuari mozioa onartuz gero.

Erakunde honen helburu eta jarduerak genero parekidetasuna bultzatzea eta udalerriko jendarte, kultur eta ekonomia bizitzan zein politikan emakumearen parte hartzea sustatzea eta arlo horretan aholkua ematea lirateke.

Batzorde mota ezberdin batzuk Getxoko Udalean

Mozioa arrakasta izanda ere, baliteke Udal Gobernuak martxan ez jartzea, dozenaka gaietan egin duen bezala, materia horien eskuduntza berea eta ez Udalbatzarena dela aldarrikatuz.

Bestalde, Parekidetasunerako Kontseilu Sektoriala abiatzekotan, Egun Getxoko Udal Plangintzako Aholku Batzordearen antzeko egitura eta maila izango luke. Gainera, egun emakume elkarteak batzen dituen foroak egungo Gazteria Foroaren antzekoa denez, erakunde horri eskuduntzak, maila ofiziala eta ordezkaritza emateko aldarrikapenerako aukera zabalduko litzateke. Dena den erakunde guzti horiek Udal Informazio Batzordeek, Udal Gobernu Taldeak eta Udalbatzak baino ordezkaritza, eskuduntza eta maila eskasagoa dute eta denak dute Euskararen Aholkularitza Batzordea baino ordezkapen maila altuagoa, bertan elkarteek ez baitituzte ordezkaririk, kide guztiak alkateak inolako prozesurik gabe izendatu dituela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun