Arazoari irtenbideak ematera "mugatu" dadila erantzun diote Leioako alkateari Avanzada estaltzearen aldekoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 24a, 19:40

Avanzadaren Estaltzearen aldeko Plataformak "larritzat" jo ditu joan den ostiralean Eneko Arruebarrena Leioako alkateak egindako salaketak. Orduan, auzotar taldea "Batasunaren mozorro" dela adierazi zuen EAJko udal agintariak. Horri erantzunez, kolektibo "plural eta anitza" osatzen dutela aldarrikatu dute errepidea estaltzearen aldekoek. "Avanzadaren egungo egoerak bakoitzarengan eta, oro har, leioaztar guztiengan duen eraginaz kezkatutako bizilagun guztiek dute tokia bertan. Gutariko bakoitzak du hitza eta erabakia", zehaztu dutenez. Bestalde, "atsekabetuta" azaldu dira plataformakoak, "alkate jaunaren elkarrizketarako aldarte eza eta, leioaztarrontzako kezka garrantzitsua den gai honetan, bizilagunen parte hartzea ahalbideratzearen kontrako jarrerengatik". Agertu dutenez, Arruebarrenarekin biltzeko eskaera formala egin zuten otsailaren 19an eta udal agintariak ez du oraindik erantzunik eman. Finean, "bizilagunen ordezkari gisa dituen ardurak ez saihesteko" eta "eskuartean dugun arazora eta eduki ditzakeen iretenbideetara mugatu" dadila eskatzen diote. Leioako EAk asteartean gaitzetsi zituen alkatearen adierazpenak.

"Nahiago genuke Avanzadaren estaltzea gauzatzeko ustez egindako kudeaketaren berri zehatza emateko erabili izan balitu komunikabideak. Arazoa konpontzeko bidean gaudela sinesteko, ordea, Udal zein Bizkaiko Foru Aldundiko txosten teknikoak, aurrekontuak edo lanen proiektuak falta zaizkigu", tamaldu dira Avanzadaren Estaltzearen aldeko Plataformako kideak. Besteak beste, "kolektiboaren beharrak eta kezkak jakinarazteko eta arazoa konpontzeko egon zitezkeen azken berriak zuzenean ezagutzeko" eskatu zioten hitzordua alkateari. 1999an Udalean ordezkatuta zeuden alderdi politiko guztiek adostutako proiektua berrartu eta, Leioako egungo egoerara egokituta, gauza dadila aldarrikatzen du auzotar taldeak. "Avanzadaren estali gabeko guneak estaltzea ezinezkoa dela esaten duen txosten-teknikoa ezagutarazi zenezake?", galdegin diote Arruebarrenari.

Debekuak

Urtarrilaren 28ko 104/08 dekretuaren bitartez, EAJko alkateak bilerak udal lokaletan egiteko baimena ukatu egin diela salatu du plataformak. Plataformak baimendutakoak ez diren tokietan kartelak modu neurrigabean jarri izana eta ondorioz informazio euskarrien udal araudia hautsi izana da udal agintariak debekurako erabilitako argudioa. "Informazio kartelak atarietan, kale-argietan, tantaietan, espaloietan eta antzekoetan jartzea ohikoa da Leioako gizabanako eta taldeen artean. Bizilagunak era egokian informatzeko eta beraiekin modu eraginkorrean komunikatzeko, denok (Udala barne), erabiltzen ditugu aipatutako baliabideak, horregaitik bitxia egiten zaigu alkate jaunak araudiaz kasu honetan egiten duen erabilera zorrotza", azaldu dute Avanzada estaltzearen aldekoek. Arruebarrenak berak aitortu zuen, apirilaren 18ko prentsaurrekoan, dagoeneko biltzeko tokirik ez zietela ematen, "kaleak kartelez saskiltzen zebiltzalako". Orain "baimenik behar ez duen Sakoneta kiroldegiko txoko batean" batzartzen direla gaineratu zuen alkateak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun