Espainiako erregearen bila aritu dira Getxoko Udalbatzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 24a, 22:08

Gaur goizean burutu den Getxoko Udalbatzan, bertako Alderdi Popularrak mozioa aurkeztu du udal aretoan "tradizioz izan dugun" Espainiako erregea den Juan Carlos I Borboikoaren bustoa "era misteriosoan desagertu egin" delakoan. Izan ere, popularrek proposamenean argitu dutenez, tokiko erakundeen araubidea den Antolakuntza eta Funtzionamendurako Araubidearen 85.2 artikuluak jasotzen du, erregearen irudia Udalbatzaren aretoko "leku nabarmenean" jarrita egon behar duela. Hori dela eta, eta beraien ustez estatua "desagertu" denez, hurrengo osoko bilkuran Espainiako monarkaren beste busto bat jartzea eskatu dute. Laster batean, baina, Imanol Landa alkate jelkideak argitu die bustoaren gainean hainbat lan egin behar izan zirenez, estatua bertatik kentzea erabaki zutela eta, behin lanak bukatuta, atzera ekarri dutela. Orduan, hainbat zinegotzik barre egiteari ekin diote, PPkoek egindako hanka-sartzeagatik, egoeraren absurduagatik edota Landaren azalpenagatik, aukeran. Argazkian, Luis Almansa PSE-EEko kidea irribarretsu, atzean errege espainiarraren bustoa duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun