Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izaten ari diren 27 euskal herritarrei eta, bereziki, Mitxel Sarasketa eta Jagoba Terronesi elkartasuna adierazteko galdegin dio, gaurko osoko bilkuran, Getxoko Udalbatzari, Eusko Abertzale Ekintzak. Imanol Landa EAJko alkateak, baina, eurek "eskubide urraketa guztiak" salatzen dituztela adieraztearekin batera, 33/01eko auziperatuek "helegitea aurkezteko edo Europara jotzeko aukera" badutela erantzun dio Mari Espe Fuertes ekintzaileen bozeramaileari. "Zer aukera izan zuen ETAk hildako Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohi arrasatearrak? Alde horretatik ez dugu ezertxo ere entzun zuon ahoetatik", aurpegiratu dio ondoren. Bitartean, mobilizazio eguna deitua du ostiral honetarako, apirilak 25, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Besteak beste, Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan, 19:30ean, eta Algortako Telletxen, Leioako Boulevardean eta Plentziako Pirulin 20:00etan jarri dute ordua. Argazkian, Mari Espe Fuertes Getxoko EAEko bozeramailea gaurko udal batzarrean.