Jarritako 20.000 euroko fidantza ordainduta, 20:00ak inguruan atera ziren atzo Soto del Realgo (Madril) espetxetik Juan Bautista Galdiz "Batxi" eta Gorka Oribe gazte algortarrak. Kartzela aurrean zeuzkaten etxeko eta lagunekin bildu, zerbait hartu eta ziztu bizian abiatu ziren Euskal Herrira. Gauerdiko 12:30ak aldera Algortara heldu zirenerako, dozenaka herritar zain zituzten Amnistia tabernan. Besarkada eta alaitasun malkoak lehendabizi, loreak, agurra eta bertsoak ondoren, han bildutakoei eskerrak eman zizkieten, hitza hartu bezain laster, Galdizek eta Oribek. Hala ere, espetxe barruan geratu direnak ez zituzten ahaztu nahi izan gazteek eta "etxean behar ditugula" aldarrikatu zuten. Kabarekin topa egin ostean, taberna barruan, hormatik kendu zituzten euren argazkiak biek. Oraindik, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ez du zehaztu ongi etorri ekitaldia noiz egingo dieten.