Mercedes Martinez Bilbao olerkigile sopeloztarrak "Re-querimientos" poema liburua aurkeztu zuen atzo Sopelako Kultur Hall deritzotenean. Liburu horretan 2000 baino lehen berak idatzitako gaztelerazko 45 olerki batu ditu Martinezek. Aurkezpenean, Sopelako kulturgile ezagunak izan ziren, besteak beste Jose Felix Martinez de Aristin eta Javier santa Cruz poetak edo Mercedes Martinezen poemak gogo biziz irakurri zituen Esther Gutierrez Azurmendi olerki egilea. Era berean, liburuaren egilearen beste lagun asko batu ziren, tartean Imanol Garai alkatea eta talde politiko ezberdinetako zinegotziak. Martinezek adierazi bezala, "Re-querimientos" lan horretan, berak bizitutako esperientzia pertsonalak agertzen ditu, "giza emozioak ateratzeko barne beharrari jarraikiz eta sorkuntza estetikoa bigarren maila batera utziz". Liburuaren argitalpena Portugaleteko Marradon poesia elkarteak emandako sariaren zati bat da. Argazkian, Mercedes Martinez Jose Felix Martinez de Aristinen hitzei so.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!