Portugaleteko 20 eta 21 urteko bi mutiko epailearen aurrera eraman zituzten atzo, askatasunaren aurkako delitu batzuen egileak direlakoan. Getxoko Udaltzaingoak zabaldu duenez, gertakariak apirileko hainbat egunetan jazo dira Itzubaltzeta / Romon. Antza denez, bi mutilek, ezagunak ziren arren eta “modus operandi” bera erabiltzen zuten arren, bakoitzak bere kabuz jarduten zuen. Adin txikiko neskatoengana hurbildu eta eurekin berba egiten saiatzen ziren, garrantzirik gabeko galderak eginez, azkenean bi musu emateko eskatuz. Neskatoen ezezkoa jasota, hauen borondatearen kontra gazteek ikutuak egin zizkieten, ondoren ihes egiteko. Orain arte hiru eraso salatu dituzte eta horiexek leporatu dizkiete polizi aurrekaririk ez duten bi atxilotutakoei. Antzeko erasoren baten biktima diren emakumezkoek horren berri ematea eskatu du Getxoko Udaltzaingoak. Horretarako, 944 660 202 telefonora deitu edo Algortako Makaletako Etorbideko 56. dagoen Udaltzain-Etxera jo daiteke.