Proiektu txikitzaileen aurkako bizikletadak zeharkatuko du bihar Uribe Kosta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 25a, 14:32

Larunbat honetan, apirilak 26, izango dute bukaera, asteartetik, Uribe Kostan zehar garatzen ari diren "proiektu txikitzaileen" aurkako Euskal Herriko lehenengo jardunaldiak. Ekimena urtarrilean sortu zen Ur Korronte eskualdeko talde ekologista berriak antolatu ditu. Aurreko egunetan, Abiadura Handiko Trena (AHT), Uribe Kostako Lur Zati Plana (LZP) izan dituzte hizpide. Gaur, berriz, "Itoitz hustu arte" bideo-foruma emango du Julio Villanueva Itoitzeko Solidarioen kideak, Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxean, 19:00etan. Azkenik, bihar, Urduliz, Berango, Algorta, Leioa eta Itzubaltzeta herriak zeharkatuko ditu proiektu txikitzaileen aurkako bizikletadak, 11:00etan metro geltoki urduliztarretik abiatuta. Luntxa, bi ordu beranduago egingo dute Itzubaltzeta gaztetxean. Bestalde, 18:00etan, "AHT gelditzea badago: Val di Susa-ko borroka" dokumentala ikusteko aukera egongo da bertan. Amaitzeko, Garagardo gura, Feos pero majos eta SKT sekuentzia taldeek kontzertua emango dute. Argazkian, asteartean Leioako Udondo gaztetxean egindako AHTri buruzko hitzaldia.

Ur Korronte kolektiboren kidea den Josuk azaldu duenez, taldea ekologian interesatuta zeuden eta Amalurra defendatzeko grina zeukaten Uribe Kostako hainbat lagunek, gehienak gazteak, sortu zuten pasa den urtarrilean, batez ere eskualde honetan proiektu "txikitzaileek" izan dezaketen eraginaz kezkatuta. Handik hona, Itzubaltzeta gaztetxean bildu dira. Oraingoz lan esparrutzat hartu dituzten proiektu zehatzak Abiadura handiko Trena, Lur Zati Plana, Lemoizko zentrala eta Super Sur deritzoten errepidea egiteko egitasmoa dira. Ur Korronte erakunde independentea da eta ez dago lotuta Eguzki, Ekologistak Martxan edo beste ohiko talde ekologistekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun