Uribe Kosta eta Erandioko kexak:
Behatokiari hizkuntza-eskubideen egoera Euskararen Telefonoaren bidez (902 194 332) bidalitako eskualdeko kexak hain zuzen ere horrela ageri dira laburbilduta 2007ko txostenean:
Zenbakia: 86/2007. Erakundea: Gertek (Bizkaia). Arrazoia: Sopelako TAO zerbitzua kudeatzen duen enpresak jakinarazpena bidali die herritarrei egoiliarrentzako txartela egunera dezaten. Jakinarazpena euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, baina euskarazko bertsioa akats ortografiko eta gramatikalez josia dago. (Salaketa hau oraingoz ez dute erantzun).
Zenbakia: 99/2007. Erakundea: Getxoko Udala (Bizkaia). Arrazoia: Getxoko Udalera joan zen eta bertaratzen direnen izena hartzen duen atezainak ez zion zerbitzua euskaraz eskaini. (Salaketa hau oraingoz ez dute erantzun).
Zenbakia: 107/2007. Erakundea: Ministerio de Justicia (Bizkaia). Arrazoia: Getxoko Erregistro Zibilak gaztelania hutsean bidali dio erreklamazio baten inguruko erantzuna. Erreklamazioa haurra inskribatzeko euskarazko inprimakirik ez zutelako egin zuen. (Salaketa hau oraingoz ez dute erantzun).
Zenbakia: 134/2007. Erakundea: Makro (Bizkaia). Arrazoia: Erandioko saltegian idatzizko nahiz bozgorailu bidezko informazio guztia gaztelania hutsean ematen dute. (Salaketa hau oraingoz ez dute erantzun).
Zenbakia: 175/2007. Erakundea: Lemoizko Udala (Bizkaia). Arrazoia: Gaztelania hutsean jaso du erakunde batek Udalaren ebazpen bati buruzko jakinarazpena. (Salaketa hau oraingoz ez dute erantzun).
Zenbakia: 535/2007. Erakundea: Euskal Herriko Unibertsitatea (Bizkaia). Arrazoia: Leioan dagoen Berezko Tituluen Bulegora deitu zuen maiatzaren 30ean eta ezin izan zuen telefonoa hartu zion emakumearengandik zerbitzua euskaraz jaso.
Zenbakia: 570/2007. Erakundea: Getxoko Udala (Bizkaia). Arrazoia: Getxoko Udaltzaingoak isuna jarri zion aparkatze mugatuko eremuan ordaindu gabe aparkatzeagatik. Kotxean utzitako isunaren jakinarazpena gaztelania hutsean beteta ageri da. (Erantzun dute).
Zenbakia: 698/2007. Erakundea: Ministerio de Justicia (Bizkaia). Arrazoia: Maiatzean zitazioa jaso zuen Erandioko Bake Epaitegitik. Zitazioa gaztelania hutsean zegoen. Bertaratu eta elebidun zergatik ez zituzten bidaltzen galdetuta, beti horrela, gaztelania hutsean, bidaltzen zituztela erantzun zioten.
Kontzientzia aktiboagoa
"Herritarrek erakusten duten kontzientzia aktiboagoak isla zuzena izan beharko luke erakundeek zein administrazioek eskubideen bermatzeko abian jartzen dituzten mekanismoetan" iritzi dio Bilbaok. Horren harira, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak prestatutako "Euskaraz bai" adierazpenak Behatokiaren diagnosiak bete-betean berresten du. Adierazpen horretan euskaren egoeraren balorazioa egin du euskalgintzak: "Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak. Euskal Herriko hainbat eremutan, euskaraz bizitzeko aukera dagoenean, euskaldunak ahalegin gehigarria egin behar du hori lortzeko ohiko funtzionamendua, lehenetsitakoa, erdaraz garatzen delako".
Ez da erremediorik jartzen
Behatokiak kezka handiz argitaratu du 2007ko urteko txostena, bi elementuk eragindako kezkaz hain zuzen ere: progresibotasun-eza eta milaka urraketa izatea.
Progresibotasun-eza diote eskubide-urraketa batzuk urterik urte errepikatu egiten dira. Administrazioek "progresibotasunaren" edota "arian-arian" bezalako aitzakien bidez eskubideen urraketen betikotzeak eragiten dute, 2001ean jasotako kexak kudeatu behar izan baitira 2007an.
Bestalde,Behatokiak ez dio erreparatzen ikuspegi kuantitatiboari kexen irakurketa egiteko. Halere, urterik urte eskubideen urraketen kopuruak gora egitea hausnarketarako elementua da. Euskara erabili, hizkuntza-eskubidea baliatu nahi eta ezin izan duten milaka espedienteren kasuistika kudeatu du.
Administrazio guztiek urratzen dituzte hizkuntz eskubideak
Urteko txostenaren arabera, berriro ere administrazio guztiek urratzen dituzte hizkuntza-eskubideak:
Frantziako Estatuak aitortza juridikorik eza erabiliz herritarrak babesgabe uzteaz gain, frantsesaren derrigorrezko erabilera justifikatzeko arrazoi bihurtu dute Administrazioek. Espainiako Estatuko Administrazioak, berriz, gaztelania hutsean lan egiten jarraitu izan du 2007an. Urteko kexak baliatuz Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsitakoan hartu zituen konpromisoak ez direla bete egiaztatu ahal izan du Behatokiak Europako Kontseiluko Adituen aurrean.
Nafarroako Gobernuari dagokionez, dekretu murriztaileek eskubideen aitortzarako agertzen zituzten zirrikituak ere modu sistematikoan urratu dira. Gainera, euskara bidezko hezkuntzaren garapena gelditzeko ingeles bidezko murgiltze-programak jarri dituzte abian.
Osansungintza arloan, Osakidetzan oso agerian geratu da progresibitatea hain epe luze eta mugagabetan zehazteak ondorio zuzenak dituela eskubideen urraketan. Osasunbidean, ordea, eremu ez-euskalduneko herritar bihurtu dituzte nafar guztiak
Herrizaingoaren arloan, Autonomia Erkidegoetako herrizaingo zein barne sailetan ez dituzte aukerak baliatu hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismoak abian jartzeko: Ertzaintzaren lan-deialdietan bigarren hizkuntza-eskakizunik ez da ezarri oraindik, eta 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen ez duten langileak kontratatu dira. Foruzainen lan-deialdiko lanpostu batean ere ez da derrigorrezkoa izan euskararen ezagutza.
Justizia Administrazioan 2007ko diagnosiak inoiz baino ageriago jartzen du justiziaren eremuan gertatzen diren eskubide-urraketak, eta euskaraz jardun nahi duten herritarrekiko bereizkeria. Are gehiago, gaztelania jakiteko derrigortasuna behin baino gehiagotan baliatu izan dute, beste urte batez, herritarren eskubideak urratzeko. Euskara erabili nahi izateak oztopoa izateko aukera zabalik utzi dute Justiziako arduradunek.
Eremu sozioekonomikoari dagokionez, iaz egindako diagnosiaren ondorioak iraultzeko neurririk ez dute hartu administrazioek: Ipar Euskal Herrian kontsumitzaile euskaldunei ez zaie eskubiderik aitortu; Nafarroa osoa eremu ez-euskaldun bihurtu dute kontsumitzaile euskaldunentzat; EAEko Kontsumitzaileen Legea garatzeko dekretuak ez dituzte abian jarri.