Herritarrei entzungor eginez, A eredua babestu du Getxoko Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 25a, 20:55

Imanol Landa Getxoko alkateak Udal Gobernuarekiko keinutzat hartu ei zuen, atzoko osoko bilkuran, Bizarra Lepoan euskara elkarteak 430 lagun eta elkarteen babesarekin aurkeztutako adierazpena. Getxoko Alderdi Popularrak aurkeztutako A ereduaren aldeko mozioak akuilatuta, "egungo irakaskuntza ereduak gainditu eta euskaldunduko duen eskola sistema, hots, hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna" aldarrikatu zuten euskaltzaleek. Landak, baina, irakaskuntza ereduen politika "krisian" dagoela eta "birplanteatu" behar dela aitortu arren, ez zuen zalantz izpirik izan B eta D ereduak sustatzeko "1+1=bi" kanpaina sutsuki defendatu eta, zehazki, B eredua "etorkinentzako eredu egokia" dela adierazteko. Eusko Abertzale Ekintzak ere oneritzia eman zion Bizarra Lepoanek galdera eta eskaeren txandan irakurritako idatziari. Bitartean, PP eta PSE-EEren botoak nahikoak izan ziren "A ereduaren defentsarako" mozioa onartzeko. Hori arrakasta izanda ere, maila sinbolikoan baino ez du eraginik izango erabakiak. Argazkian, "Getxon ere eskolak euskaldundu behar du" lelopean hainbat lagun elkartu ziren udaletxe aurrean, osoko bilkura hasi baino ordu erdi lehenago.

Getxoko PPk aurkeztutako mozioaren bitartez egin zuen salto Gasteiztik Negurira irakaskuntza ereduen gaineko eztabaidak. Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Ekimenarekin bat eginez (ez zuten hitzik hartu), "hainbat familia getxoztarren ezinegonak" bultzatuta planteatu zuten ereduen aldeko "aukera berdintasuna" eta "bata edo bestea aukeratzeko askatasuna bermatzeko" eskaera popularren. Eurek esandakoaren arabera, udalerriko 800 familia daude aipatu kolektiboan. Luis Almansa PSE-EEko bozeramailea, ordea, urrunago joan zen: "hirukoaren erradikalizatze bidean" kokatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Curriculuma eta Getxoko Udalak bultzatutako B eta D ereduak sustatzeko "1+1=bi" kanpaina. Are gehiago, A eredua "desagertarazi" nahi izatea egotzi zien EAJ, EA eta Ezker Batuari Almansak. Ondoren argituko zion Koldo Iturbe Euskara zinegotzi jelkideak erdaraz ikasteko "inolako arazorik ez" dagoela Getxon. "Inguruko udalerrietatik gurea da A ereduko eskaintzarik handiena duena, EAEko bataz bestekoaren gainetik ere badago", gaineratu zuen udal gobernuko ordezkariak.

Almansaren "beldurra"

Iñaki Urkiza EBko tokiko zinegotzi bakarra izan zen irakaskuntza ereduen sistemari aurka egin zion lehena, baina ez popularrek argudiatutakoarengatik. Ereduak "agortuta" daudela adierazi zuen berak: "ikasketak bukatutakoan neska-mutilek euskaraz zein erdaraz jakitea zen helburua eta hori ez da bete. Beste eredu bat behar dugu, oinartezina baita ikasle bakar bat ere eskararik ez jakitea. Ikasketak bi hizkuntzak menperatzen amaitu ditzatela eta ondoren erabakiko dute zein erabili nahi duten", azaldu zuen alderdi federalistako kideak. Bitartean, "erradikalizazioarekin" tematuta zebilen Almansa. Udalak diruz "nahiko" laguntzen duen elkarte batek helarazitako gutuna "beldurra" eragin ziola ere adierazi zuen totiko PSE-EEko buruak. Dirudienez, Bizarra Lepoani buruz ari zen. Hitzok Iturbe sumintzea lortu zuten. A ereduaren gainean aurretik esandakotik oso urrun, egungo irakaskuntza sistemak neska-mutilak euskaldundu daitezela ez duela bermatzen aitortu zuen Euskara zinegotziak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun